Ia 24.000 herritarrek eman dute botoa 17.30etarako 35 herrietan
Tolosaldea, Oarsoaldea, Hernani, Astigarraga eta Larrabetzuko ia 24.000 herritarrek eman dute botoa 17.30 arte estatus politikoaren inguruko herri kontsultetan, Gure Esku Dagok eman dituen lehen datuen arabera. Hainbat tokitan arazoak izan dituzte bozkatzeko sistemarekin. Guztira 124.000tik gora dira hitzordua daukatenak.
Gure Esku Dagok emandako datuen arabera, 17.30 arte 23.979 herritarrek emana zuten botoa Tolosaldeko 28 herri, Oarsoaldeko 4, Hernani, Astigarraga eta Larrabetzun, bozkatzeko aukera dutenen %19,30, batez beste.
Eguerdi partean, hainbat tokitan, Astigarragan eta Errenterian kasu, arazoak izan dituzte botoa emateko sistemarekin, eta bozketak eten behar izan dituzte.
Zelai Nikolasek nabarmendu dutenez, «Eskozian eta Katalunian bezala, Euskal Herrian ere herri honen etorkizuna erabakitzeko borondatea daukagu herritarrok».
«Queremos decidir libremente nuestro estatus político», afirma Zelai Nicolas. La ola de la decisión seguirá los próximos meses #M19erabaki pic.twitter.com/GqZx7irfU8
— Iraia Oiarzabal (@iraiaoiarzabal) 2017(e)ko martxoak 19
«Erronkarik zailena lortu dugu»
Goizeko 9.00etan ireki dituzte botoa emateko prestatu dituzten 101 hautetsontziak. Hernanin eta Larrabetzun izan dira Gure Esku Dagoko Elvira Lizeaga eta Igor Elordui, hurrenez hurren, eta «ermozioz eta ilusioz betetako eguna» dela nabarmendu dute. «Erronkarik zailena lortu dugu, hautetsontziak plazara ateratzea».
Azaldu dutenez, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko elkarlana da gakoa, «ezin baita erabakirik gauzatu ezberdinen arteko akordiorik gabe».
Gure Esku Dagok 2018ra bitartean zehaztu duen ibilbide orrian «urrats sendoak» egin dituela gogora ekarri dute. «Beste behin erakutsi dugu herritarron borondatea eta konpromisoa geldiezina dela». Gaurkoaren ondoren, apirilaren 2an, maiatzaren 7an eta ekainaren 19an olatuak jarraituko egingo du, eta uda iristerako estatus politikoaren inguruko eztabaida 600.000 herritar bizi diren eremuetara helduko dela nabarmendu dute.
Era berean, herri galdeketez gain, ekainean gauzatuko den «garrantzi handiko» beste ildo bat aipatu dute: hilaren 10ean euskal herritarron erabakitzeko eskubidearen ituna aurkeztuko dute Bilbon.
Herri galdeketen dinamikak eta 2016. urtean zehar herriz herri landutako adierazpen guztiak erabakitzeko eskubidearen aldeko Itun Herritar batean bilduko dituzte datozen hilabeteetan, eta hori izango da herritarron erabakitzeko eskubidearen egikaritzarako bidean Gure Esku Dagok egingo dugun ekarpenetako bat.
150.000 biztanleko eremua
Gaur 124.062 herritar inguru daude parte hartzera deituak. 16 urtetik gorakoek eman ahalko dute estatus politikoari buruzko botoa.
Goizeko 9.00etatik iluntzeko 20.00ak arte egongo dira irekita 101 hauteslekuak.
Eguna aurrera ateratzeko, bi mila boluntario inguruk egingo dute lan eta galdeketen antolaketa eta jarduera guztiak juridikoki bermatuak egon daitezen, berme batzorde bat osatuko dute herri eta eskualde bakoitzean. Nazioarteko eta Euskal Herriko begiraleek ere bermatuko dute galdeketak era egokian egiten direla.
Egitaraua eta agerraldiak
20.30ean, ekitaldia egingo dute Errenterian ea han emango dituzte azken parte-hartze datuak. Han egongo dira Nikolas eta Etxaburu, egunaren eta parte-hartzearen emaitzen balorazioa egiteko.
Behin betiko emaitzak gaueko 22.00ak baino lehen jakinaraztea espero du Gure Esku Dagok.
Egun osoan zehar jarraipen berezia egingo du NAIZek, bai webgunean eta baita sare sozialetan ere.