Aurrekoetan baino ibilbide samurragoa izango du Iruñetik abiatuko den Itzuliak
Apirilaren 3tik 8ra bitartean, Iruñea eta Eibar lotuko ditu Itzuliaren 57. edizioak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak zeharkatuta. Ibilbideak, aurreko urteekin alderatuz, gogortasun apur bat gutxiago izango du. Arrate eta azken eguneko erlojupekoa agertzen dira epaile moduan. Partaidetza bikaina espero da.
Donostian aurkeztu dute Euskal Herriko Itzuliaren 57. edizioa. Lehen aldiz urte guzti hauetan, nafar hiriburutik abiatuko da, eta lehen etapak Sarrigurenen izanen du amaiera ere. Bidean Erro (bitan) eta Mezkiritz gainditu beharko dituzte, baina tropeleko txirrindulari azkarrentzako aproposa dirudi.
Bigarren jardunaldiari ere Iruñetik ekingo diote txirrindulariek, helmuga Eltziegon jarrita. Hemen ere tropel handi batek joka lezake etapa garaipena, bidean aurkituko dituzten Etxauri eta Bernedo ez dira-eta etapa hausteko nahikoa.
Donostian iritsiko da sailkapeneko gizonentzako lehen etapa garrantzitsua. Gasteizetik gipuzkoar hiriburura sei mendate aurkitu dituzte. Azkena, Igeldon, Mendizorrotz gaina, helmugatik 10 kilometrora. Donostiako Klasikaren antza izan lezake amaierak.
Laugarren egunak Donostia eta Bilbo lotuko ditu, eta Viveroko gaina, amaieratik 14 kilometrora, izango da zailtasun nagusia. Ihesaldi bat edo murriztutako tropel baten arteko lehia ikusteko egun aproposa.
Arrateko ohiko etapa azken-aurreko etapan iritsiko da. 140 kilometrora iristen ez den etapan sei mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek, eta hemen izango dute aukerarik onena igotzaileek. Azken hauek denbora tarte ona beharko dute azken eguneko erlojupekoari aurre egiteko. Eibarren hasi eta Eibarren amaituko baita sailkapen nagusiko irabazlea erabakiko duen 27 kilometroko bakarkako lana.
Partaidetza bikaina
Oraindik 10 egun falta dira lasterketari ekiteko, baina partaidetza bikaina espero da aurretiko izen-emateari begiratuta. Iazko irabazle Alberto Contador bertan izanen da, baita hirugarren izan eta aurten Paris-Niza irabazi duen Sergio Luis Henao kolonbiarra ere. Garaipenaren lehia horretatik ez dira urruti ibiliko Alejandro Valverde, Romain Bardet, Rigoberto Uran, Adam Yates, Julian Alaphilippe edo Primoz Roglic. Eta haiekin behar luke Ion Izagirrek ere, zeinek abantaila ona lortu lezake azken eguneko erlojupekoarekin.
Izen handi asko bilduko ditu itzuliak. Hala nola Milan-San Remo irabazi berri duen Michal Kwiatkowski, Michael Matthews, Simon Spilak, Esteban Chaves, Tim Wellens, Samuel Sanchez edo Jakob Fuglsang.