INFO

Itsas Museoaren taberna eta jatetxea daraman enpresaren kontratua bertan behera uztea eskatu du EH Bilduk

Bizkaiko Auzitegiak Itsas Museoaren taberna eta jatetxea daraman enpresaren administratzaileetariko bat zigortu du 22 langiletik 19 altan ez emateagatik.

Bilboko Itsas Museoa. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk Itsas Museoko taberna daraman enpresaren kontratua bertan behera uztea eta langileak subrogatzea eskatu du komunikabideetara bidalitako ohar batean. Koalizioak administratzaileetako batek buruturiko irregulartasunak argudiatu ditu kontratua bertan behera uzteko eskatuz.

«Enpresako administratzaile baten kontrako sententziaren berri izan dugu. 22 langiletik 19 altan eman gabe egon dira», azpimarratu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bildu Bilboko bozeramaileak oharrean.

Sententzia horren berri «Gananzia.com» atariak eman duela azaldu du Ibaibarriagak.

EH Bilduko bozeramaileak egoeraren larritasuna salatu du. «Irregulartasun larri bat da, baina kasu honetan larriagoa. Izan ere, diru publikoz azpikontratatutako enpresa bat da. Ez dugu ahaztu behar orain dela gutxi dirua sartu dugula museoak itxi ez dezan».

Agerraldi eskaera

Egoera horren aurrean koalizioak Ricardo Barkala alkateordearen agerraldia eskatu du, gogoratu dutenez Udalaren ordezkaria museoaren patronatoan.

EH Bilduk jakin nahi du udal gobernuak zein urrats emango duen eta inolako isunik jarriko ote dion enpresari langileen eskubideak ez errespetatzeagatik.

Horretaz gain, agerraldi horrekin argitu nahi da patronatoak zer nolako neurriak hartzen dituen, eta etorkizunean zeintzuk hartuko dituen, berriz gertatu ez dadin.