INFO

Swapen ordainketari helegiterik ez aurkeztea ebatzi du GHK-k

Swapen ordainketa agintzen duen sententziari helegiterik ez aurkeztea erabaki du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak.

Jose Ignacio Asensio, Ingurumen diputatu eta GHKko presidentea. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak egin duen ezohiko asanbladaren ondoren agerraldia egin du Jose Ignacio Asensiok, Aldundiko Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidente denak, swapen ordainketa agintzen duen ebazpenaren aurka helegiterik ez aurkeztearen erabakiaren berri emateko. 

Azaldu duenez, asanbladan izan direnen %76ak bozkatu du errekutso hori jartzearen aurka, eta %10a agertu da alde.

Asensioren esanetan, urgentziaz egin duten bilkuran swapen ordainketaren inguruan Gipuzkoako Auzitegiak emandako ebazpena eta gai honen inguruan eskatutako txosten juridikoak aztertu dituzte. Esku astean izan dituzten bi txostenek Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztearen aurkakoak zirela nabarmendu du Asensiok.

Atzo, EH Bilduk eta Podemos Ahal Duguk agerraldia egin zuten helegitea aurkezteko deia egiteko. Informeok aztertuta, koalizio abertzalearen izenean, Xabier Olanok esan zuen «%2ko lorpen aukera nahikoa edla helegitea argudiatuta egoteko». Txostenok helegiteak suposa lezakeen kostua azpimarratzen dutela esan zuen Olanok, baina nabarmendu zuen komeni dela kontuan hartzea swapen ordainketa 60 milioi eurokoa izango dela.

GHK-k 2011n, aurreko erraustegiaren proiektua finantzatzeko sinatutako swapen kontratu estaldurei egin beharko die aurre, Gipuzkoako Entzutegiak epaitegiak emandako sententzia berretsi eta gero.