INFO

Unai Mendiburuk jantzi du Bertso Errondako gerrikoa

Giro bikainean, Zazpi Katu gaztetxean gau gogoangarria bizi zuten Bertso Errondako finalean. Malen Amenabar eta Unai Mendiburu sailkatu ziren buruz burukorako eta azken honek lortu zuen irabazlearen gerrikoa janztea.

Unai Mendiburu Zazpi Katu gaztetxean bertsotan. (@BIBA!_Bilbo)

Umorea eta ondo pasatzeko gogoa nagusitu ziren Zazpi Katu gaztetxean ostegun gauean ospatutako Bertso Errondako finalean. Boxeo lehia bat izango balitz bezala, botileroak eta guzti izan zituzten bidelagun bertsolariek. Malen Amenabar eta Unai Mendiburuk lortu zuten buruz burukora sailkatzea eta gerrikoa Mendiburuk jantzi zuen.

‘Last bertso Round’ izenburuarekin aurkeztutako Bertso Errondaren finala Alde Zaharreko Zazpi Katu gaztetxean ospatu zen ostegun gauean. Aitor Servier, Kerman Diaz, Iraitz Mateo, Paule Loizaga, Irati Erkizia, Unai Mendiburu, Malen Amenabar eta Mikel Aiartzaguena izan ziren finalean aritu ziren zortzi bertsolariak.

Otsailaren 28an abiatutako Bertso Erronda ekimenari amaiera emateko poteo batekin berotu zuten gaua. BIBA! kulturgunetik atera ondoren, La Villa, Errondabide eta Adaxka tabernetatik igarota. Hain zuzen ere, Erronda kaleko lau taberna hauetan ospatu dira hainbat bertsozale erakarri dituzten lau kanporaketak. Orotara, 24 bertsolarik parte hartu dute Bertso Erronda ekimenean.