INFO

Garaipen gose eta iraultzen jarraitzeko asmoz itxi du Ernaik II. Biltzarra

Erandioko Merkatu Zaharrean eman dio akabera Ernai gazte antolakundeak bere II. Biltzarrari. Ebazpen eta bozketen aurrelanak eginda, Euskal Herri luze zabaletik heldutako ehunka gazte batu dira gaur goizean “Inurritegia” izena eman dioten hausnarketa prozesua, ezker abertzaleak bere osotasunean egindakoaren baitan txertaturik egin dena, azken ekitaldi batean borobiltzera.

Lur Albizu eta Mikel Urdangarin eledunak. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Eguraldia hotz baina giroa bero eta gogoak piztuta zeuden bertaratutako gazteen artean. Gako politikoak, poesia eta musika, Aitzina Ipar Euskal Herriko anai-arreba gazteen mezua, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agurra, eta LAB eta Sorturen interbentzioak izan ditu ekitaldiak.

Bertan, Ernai sortu zenetik urratutako lau urteko ibilbidea aztertu da, zailak eta aldakorrak izan diren garaietan egindako akatsak aitortuz, baina egindako borroka txikiak eta handiak balorean jarriz, antolaturik eta konprometiturik, euskaldun eta aske bizitzeko borrokan Ernain militatzeaz harro.

«Garaipenaren belaunaldia gara» lema izan du amaiera ekitaldiak. Handiustea eta ke-saltzailearena baino, iraganetik irakatsiz, egungo borrokak lanabes, euskal errepublika librea ardatz izango duten konpromisoaren erakusle. Kideek egin eta ekitaldian irakurritako poema batean esaten den legez, «zer da irabaztea iraultzen jarraitzea ez bada?», eta, hartara, «gu gara, orain gara, eta ekitea eta ekitea dagokigu», nabarmendu dute.

Sortu birsortzeko egindako ekarpena edo oinarri herritarra duen prozesua bultzatzeko Ernaik egindako ahalegina ere azpimarratu dituzte. Eta aurrera begira, bertaratutako gazte abertzaleek amestearekin batera eraikitzeko, aldarrikapen soiletik harago alternatiba sortzeko jarduna lehenetsiz, hankak lokatzetan sartuta eta kontraesana politikaren oinarrizko kondiziotzat hartuta, asko dutela egiteko baietsi dute. Asko egindakoa, asko egitekoa, baina anbizio handienarekin, irabazteko konbikzioarekin ekingo diotela eguneroko lanari aurreratu dute.