INFO

13.280 herritarrek gauzatu dute erabakia Busturialdea eta Arrigorriagako galdeketetan

Ia 50.000 pertsona zeuden hautetsontzietara deituak Busturialdea eta Arrigorriagan, eta 13.280 herritarrek erabaki dute urratsa eman eta Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan iritzia ematea. Hauteslego guztiaren artean %28,24ak gauzatu du erabakia; gehiago izan dira Busturialdean (%32,07) Arrigorriagan baino (%14,50).

Josu Etxaburu eta Zelai Nikolasek eman dute azken emaitzen berri. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Bizkaira indartsu iritsi da Gure Esku Dago mugimenduak elikatutako herri galdeketen olatua. Larrabetzuk eman zion hasiera aipatu olatuari, eta Busturialdea eta Arrigorriaga izan dira lekukoa duintasunez garraiatu dutenak.

47.029 ziren hautetsontzietara deituak zeuden herritarrak igande honetan, eta 13.280 izan dira urratsa ematea erabaki eta Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruko euren iritzia ematera animatu direnak; alegia, hautesleriaren %28,24ak gauzatu du erabakia. Altuagoa izan da parte hartzea Busturialdean (%32,07) Arrigorriagan baino (%14,50).

Gure Esku Dago mugimenduko Josu Etxaburu eta Zelai Nikolasek eman dute aipatu datuen berri Gernikan egin dute itxiera ekitaldian. Bertan herritarren «borondatearen, konpromisoaren eta ahalduntzearen» balioa azpimarratu dute.

«Nork esango zigun giza kate baten bueltan 150.000 herritar bilduko genituenik. Nork 2014an Etxarri-Aranatzen herri galdeketa egin zutenean halako olatua zetorkigunik. Nork hiru urtean herri galdeketa hauek hainbesteko dimentsioa hartuko zutenik. Eta nork dinamika herritar batek berme guztiak betez babes honetako galdeketak antolatuko zituenik», galdegin dute.

Herritarrei hitza ematearen balioa azpimarratu dute, «normaltasunez, berme, legezkotasun eta zilegitasun guztiarekin», eta euren esku zegoen guztia egin dutela aldarrikatu: «Ez diezagula inork esan helburuaren izuz bidea ere egiteko gai izan ez ginenik».

Estatu propioaren aldeko botoak nagusi

Herritarrek hautetsontzietan utzitako botoari erreparatuta, garbi geratu da hauek independentziaren aldekoak izan direla (12.652 - %95,24). Ezezkoak 375 izan dira (%2,82), zuriak 222 (%1,27) eta baliogabeak 35 (%0,26).