INFO

Luzaiden bat eginik, zubia zeharkatzeko


Korrikaren petoak Luzaideko herria koloreztatzen hasi dira. 09.00ak. Batzuk herriaren sartzera hurbildu dira eta beste batzuek, ordea, herriko etxeko eta elizako aterpeetan euskararen aldeko ekimena itxoiten dute, euritik babesteko xedez. «Nondik dabil?». «‘Txirriskin’ pasatu berri». Oraindik hamar minutu falta dira herrira ailegatzeko.

Herritarren urduritasuna Euskal Herri osotik etorritako parte hartzaileen emozioarekin nahasten da. Hain zuzen, Ataun eta Idiazabaletik hurbildutako kuadrilla bat, tartean gaztetxo asko, entrenatzen hasten da euskararen alde lasterka egiteko. Kanaldudeko lagunen gidaritzapean “Manequin Challenge” bat egiteko ordua da. Luzaideko Bolanten eta Gazteriaren taldeek, batera, lekukoa eusten dute. Kilometroa zeharkatu eta herriko sarreran Itxaro elkartearen txanda da. Oihana eta Antton prest daude.

09.37ak. Korrikaren lehenengo kamioiak lasterketa hurbil dagoela iragartzen du. Badator Korrika. Luzaideko karrikak euskararen aldeko mezuaz josi eta Arnegirantz doa erritmo bizian. Azkoitiko lagunek bidea irekitzen dute.

Pekotxeta auzotik pasa ondoren, Arnegi eta Luzaide arteko zubitxoa zeharkatu du Korrikak. Baxenabarreko herriko plazan jendea esperoan dago. Ilusioz eta gogoz. «Nork dio muga bat dagoenik? Hemen ez dago mugarik. Euskarak ez du mugarik», dio ozen animatzaileak Baxenabarrera sartzean.

Pausuz pauso, Donibane Garazira doa euskararen alde txoko guzietatik etorritako herritarrak batzen dituen lasterketa. Korrika.