INFO

Tornado bizi bat Ipar Euskal Herria korrika zeharkatzen ari da

Indar handiz iritsi da Korrika Nafarroa Behere eta Lapurdira. Argazki gogoangarriak, euriak bustitako irriak eta mugimendu etengabean diren koloretako estalkien arrastoa ekarri ditu «euskararen bestak». Umorea, aniztasuna eta euskaraz bizitzeko gogoa eskutik dabiltza bidez bide.


Zuhaitzez jositako basamortu berde batean, ez zen arimarik errepidean, baina ezerezaren erdian, kolore anitzeko petoak zituzten lagun multzoak nonahi ikus zitezkeen atzo goizean, oasiak bailiran. Goizeko hamarrak ziren Luzaidetik zetozen korrikalariak Arnegin sartu zirenean, eta, errepide ertzean zen jendea batzen zen heinean, handituz zihoan tornado baten antza hartzen hasi zen Korrika.

Frantsesenia Laborantza ikastetxearen izenean, lekukoa hartzeko prest zen Audrey, Okzitaniatik etorritako ikaslea. «Ez dakit euskaraz, baina pozarren naiz, lehen aldiz parte hartu eta lekukoa eraman behar dudalako», zioen neskatoak.

Aurrerago, Sebastien Ihidoy, Mendibeko auzapeza, Lekunberri, Ahatsa, Behorlegi eta Duzunaritzeko udalak ordezkatzen. «Guztien artean gazteena naiz eta kilometroa osorik egingo duen norbait behar zelako hautatu naute!», kontatu zuen irriz alkateak.

Testigua Donibane Garazira heldu zenerako jende andana zen ordura arte hutsik zeuden karrikak betetzen. Leire eta Joanak besta komiteko lagunekin batera jaso zuten lekukoa herri sarreran, eta haien atzean jende multzoa puzten hasi zen.

Nafarroa Beherean itzelezko indarrarekin sartu zen, beraz, Korrika, baina eguraldiak bezala, kontrasteak izan ziren nagusi. Jende asko zen leku batean, eta lagun isolatuak herrietatik urruntzean. Eguzki distiratsua zen une batean eta zaparrada bortitza hasten zen bat-batean.

Udalbiltza eta Euskal Elkargoa

Euritearen azpian, zeru ilunari begira zeuden Ortzaizen Udalbiltzako kideak. Luis Intxauspe Hernaniko alkate eta Udalbiltzako lehendakariak azaldu zuenez, «azken urteetan jazo diren gertaera garrantzitsuak direla-eta» bi kilometro egiteko hautua egin dute, «bat Nafarroan eta bestea Ipar Euskal Herrian».

Intxauspek lekukoa hartu zuen unean euriak eten bat egin zuen, laino beltzen artean zirrikitu bat irekiz. Une berean, kilometro bat aurrerago presaka iritsi zen Jean-Rene Etxegarai, Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria. Autotik jaitsi bezain laster, irrati esatari bat euskaraz gerturatu zitzaion, eta, petoa janzten zuen bitartean, frantsesez mintzatu zen Etxegarai: «Atzo Otxandion bigarren kilometroa egin nuen, orain ez dakit zenbatgarren kilometroa egingo dudan, eta arratsaldean ostera Baionan korrika egingo dut!».

Lehendakariak, «modu sinbolikoan euskarari sustengua emateko» zeudela Ortzaizen adierazi zuen, «Elkargoak euskararen alde egiteko borondate irmoa baitu». Etxegaraik ez zuen ezer gehiago esateko astirik izan, gerturatzen ari zen Udalbiltzako lehendakariak euskararen aldeko testigua luzatu baitzion.

Zurrunbilo geldiezina

Etxegarairen txanda amaituta, lainoek leihoak itxi eta euria hasi zen berriz, baina Bordeleko euskal etxeko kideak ez ziren kikildu. Haiekin zen Frantzia iparraldeko Marc ere. Euskara ikasten bere kasa hasi zen, hasieran Internet bidez, baina egun Bordeleko gau eskolan dabil. «Han bizi naiz, baina gaur lagunekin korrika egin eta ongi pasatzera etorri naiz», argitu zuen.

Oraindik bide luzea zen Lapurdiko hiriburura iristeko, eta eguraldiak ez zuen lagundu. Zikloiak indarra galdu zuen, baina, Baionara iritsi ahala, berriz ere zurrunbiloa ziztu bizian biraka hasi zen. Testiguak ibaia ere zeharkatu ahal izan zuen arraunlari prestu batzuei esker.

Arratsean, Bidarteko Uhabia hondartzaren ondotik pasatzerakoan, laino artetik ateratzen ziren argi izpiek adio esan zioten Korrikari, baina, hori bai, tornadoak ez zuen geratzeko inolako asmorik: ufada bizi-bizian jarraitzen zuen Getariara bidean.