Munduko zoro zoragarriak
Adio esan digu Korrikak. Euskal Herriko erreka, lautada, mendi eta hiriak zeharkatuta Iruñean aurkitu du helmuga inoiz izan den Korrika jendetsu eta luzeenak. Euskararen aldeko ekimenaren oinkaden oihartzuna ozen entzun da nazioartean. Izan ere, mugak gainditu eta non-nahi aurkitu ditugu Korrikaren ahizpa txikiak.
Veneziako ubideetan barrena ere entzun da euskaltzaleen oihua, izan ere Korrika arineketan ibili da ur gainean eraikitako hirian. Batzuk Bolognatik, beste batzuk Bergamotik, Venetoko hainbat herrietatik edo Venezia bertatik iritsitakoak ziren. Italiarrak, euskaldunak, katalanak, valentziarrak eta salamancakoak… zeuden, guztiak, baina, euskararekin bat. San Marcotik Bienalaren lorategiraino tipi-tapa, pozik eta alai aritu ziren Korrika.
Lau pertsona nahikoa dira Korrika antolatzeko eta hala frogatu dute Vienan. Lekukoa, korrikaren aldeko kartelak, euskal presoen herriratzea galdegiten duen banderola eta lasterketa filmatuko duen bideo kamara ahaztu gabe, lotsa alboratu eta euskararen alde arineketan aritu ziren Vienako lau zoro zoragarri hauek.
Korrikak Euskal Herriko azken kilometroak zeharkatzen zituen egunean Danimarkara heldu zen ere euskararen aldeko lasterketa. Kopenhagen izan zen zehazki, eta bertan ezaguna den laku baten inguruan arineketan ibili ziren bi kilometro eta erdiz. Kirolaren ostean, folkets hus izeneko gaztetxe moduko batean ekitalditxo bat izan zuten, eta iluntzean, people's kitchen deituriko afari modukoa antolatu zuten bertakoek.
Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako suhiltzaile talde batek eta bolondreski lanean aritzen diren hainbat herritarrek osatzen duten HelP-Na laguntza taldeak eraman du Korrika Belgradora.
Asteburuan Argentinara ere heldu da Korrika, zehazki Arrecifesera. Buenos Aireseko probintzian dago Arrecifes eta bertan dagoen bada Euskal Etxeak antolatu du euskarern aldeko hitzordu hau.
Bordelen ere izan da Korrika eta arineketan ibili ostean, Kalakan taldearen kontzertuaz gozatu ahal izan zuten.
Txilera ere iritsi da Korrika. Santiagoko Euzko Etxeak eta Unibertsitateko irakurletza taldeak antolatu zuen Korrika eta giro ederrean aritu ziren lasterka. Goizean korrika egin ostean, txistu eta txalaparta doinuek eman zioten hasiera Euzko Etxeko ekitaldiari, eta bertan irakurri zuten lekuko barruko mezua. Bazkari herrikoian ehun bat lagun elkartu ziren.
Ehun lagun inguru elkartu zen Dublineko Korrikan eta izerdia bota ondoren, parranda itzela izan zuten bertan han ohikoak diren pub batean. Dublineko ez da Irlandan egin den Korrika bakarra, Corken ere elkartu baitziren hamarnaka euskaltzale.
Munduko erpin batetik bestera saltoka dabil Korrika eta Sahara ere heldu da. Ikusi!
Nikaraguara ere salto egin du Korrikak. Masayako Oscar Arnulfo Romero eskolako ikasleek eraman zuten euskararen lekukoa.
Madrileko erdigunean, pasa den larunbatean, ozen entzun zen euskararen aldeko deiadarra. Orain, Korrika horren bideoa igorri digute.
Behin baino gehiagotan zeharkatu du Korrikak itsaso eta Chicagok zein Mexikok, besteak beste, hartu dute Atlantikoaren beste aldean euskaren lekukoa. Mexiko Hiriko Chapultepec Parkean zuten hitzordua eta ehun lagun inguru uztartu zuten korrika eta festa. Txalaparta doinuak, euskal dantzak eta noski, euskaren aldeko aldarrikapenek ez zuten hutsik egin eta «Nieto, entzun. Mexiko euskaldun» moduko oihuek ere ez ziren falta izan…
Chicagon ere, gure hizkuntzaren alde hainbat zoro zoragarri elkartu eta izerdi-patsetan bukatu zuten, gainontzeko herritar eta turisten harridurarako.
Tipi tapa, tipi tapa…Sydeneyko Gure Txoko euskal etxeak antolatuta Korrika Australiaraino eraman zuten. Lekuko, peto eta guzti, hiriburuko parke eta eraikin esanguratsuenak bisitatu zituen euskararen aldeko lasterketak. Didgeridooaren deiadarrak ere bat egin zuen gure hizkuntzarekin.
Elurra, hotza eta haizeari aurre egin behar izan zioten Helsinkin elkartutako euskaltzaleek. Ahotsa atari digitalak jaso du Finlandiako korrika berezi honen bideoa.
Estatu espainolean barrena makina bat Korrika Txiki ospatzen dira. Bartzelonan, Valentzian Madrid edota Gironako Banyoles herrian aurkitu ditugu guk.
Bartzelonan eskuz esku ibili zen euskararen aldeko lekukoa, tartean CUPeko kide den David Fernandez zegoela. Aldarrikapena eta jaia ondo uztartu zuten,izan ere, iluntzean, Can Batlló gunean Skasti, Egurra ta Kitto eta Huntza taldeen kontzertua izan zuten.
Gironako Banyoles herrian lehen aldiz ospatu dute Korrika, bertako laku ederra euskararen aldarrikapenaren testigu bilakatuz.
Berlinera ere iritsi zen Korrika pasa den larunbatean eta ederki igaro zuten eguna bertako euskaltzaleek.
Munduko beste hamaika zokotan ere egin dituzte euskararen aldeko lasterketak. Irlandako Corken, New Yorken, Edinburgon, Nepalen edo Kopenhagen arineketan ibili dira euskararen alde. Lasterketa horietako bideoak ez ditugun arren, bertako irudiak ikusgai ditugu okasiorako osatutako ARGAZKI GALERIAN.