INFO

«Armagabetzea bakea ez dela» nabarmenduz, Gobernuei euren ekarpena eskatu die Etcheverryk

Txetx Etcheverry «bakearen artisauak» azpimarratu du apirilaren 8a «antolatu genuen bezala» igaro dela eta, hortaz, «ETA, Europa mendebaldeko azken erakunde armatua, erabat desarmatua dela». Madril eta Parisi ere zuzendu zaie, esanez, bake «orokor, justu eta atzera bueltarik gabekoa» lortzeko euren ekarpena ere behar dela adierazteko. Ohar batean, armagabetze prozesua «bururaino» joan dela baieztatu dute «bakearen artisauek».

Txetx Etcheverryk eman dio armategien kokapenaren berri Vatikanoko ordezkariari, eta honek Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeari.

Apirilaren 8. honetarako deituta zeuden ekitaldi guztiak bukatuta, egunaren inguruko irakurketa bat argitaratu du sarean Luhusoko polizia operazioan atxilotua izan zen Txetx Etcheverry «bakearen artisauak».

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi izan du «antolatu genuen bezala» igaro dela eguna. «Goizeko desegite operazioak ongi pasatu dira, non 174 behatzailek, 174 Bakearen Artisauk segurtasunaren pean jarri dituzten zortzi gune, zeinetan kokatuak baitziren ETAren hainbat armategi», azaldu du.

«Memento berean eman dizkiegu gune horien kokalekuak prestigioa duen agintari internazional bati, hain zuzen Vatikanoko ordezkari bati, San Egidio komunitateko arduradunari zehazki, zeina berezitua baita gatazken konponbidean. Eta hark eman dizkio Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari, frantses agintariei eman baino lehen, azken hauek Bakearen Artisauek segurtaturiko kokapenetara irits ahal zitezen», gaineratu du Etcheverryk.

Ondoren, gogoratu duenez, «bakearen artisauek» Polizia frantsesaren esku utzi dituzte armategiak. Eskualdaketa «baldintza onetan» egin dela esan du, Luhuson izan ziren atxiloketekin alderatuz.

«Pozten gara Frantziako agintariek ez baitiote neholako oztoporik jarri armagabetz prozesu horri», esan dute, ohar batean, «bakearen artisauek», eta lagundu dieten guztiei esker ona adierazi diete, Euskal Elkargoaren lehendakari den Jean-Rene Etchegarayren eginkizunaren garrantzia azpimarratuz.

«ETA erabat desarmatua da»

«Zuekin mintzatzen naizen ordu hauetan, ETA, Europa mendebaldeko azken erakunde armatua, erabat desarmatua da», baieztatu du Txetx Etcheverryk.

Arratsaldean egin den ekitaldiak hiru eginkizun zituela azaldu du. Alde batetik, azken egunotan eta gaur goizean egindako lanagatik «arrisku juridikoak» hartu dituzten «bakearen artisauei» babesa adieraztea, ETA erakundearen armagabetze osoa ahalbidetu dutelako, eta agintariei eskatzea «ez ditzaten jazarri» egindakoagatik.

Horrez gain, armagabetzea bera sostengatzea zen helburua, eta «eskatzea behin betiko indarkeria politikoaren eta borroka armatuaren bukaera Euskal Herrian». «Irudi honek galarazi dezan inork etorkizunean herriaren zilegitasuna aldarrikatuz indarkeria politikoaren zikloa berriz martxan jartzeko aukera», erantsi du.

Azkenik, ekitaldiarekin Madril eta Parisko gobernuak ere interpelatu nahi zituztela adierazi du Etcheverryk, «gogoratzeko armagabetzea ez dela bakea, eta behar dela haien ekarpena bake orokorra, justua eta atzera bueltarik gabekoa eratzeko, bereziki preso eta iheslarien egoera konponduz, biktima guztien aitortza eta erreparazioa bermatuz eta bizikidetza eta berradiskidetze dinamikak, egia eta justiziaren dinamikak –justizia trantsizionalaren bidez– martxan jarriz».

Bakegileei sustengua adieraztera agertu diren 20.000 lagunei esker ona adierazi diete «bakearen artisauek».