INFO

«Iragana oroitu eta etorkizuna eraiki», Gernikako Aberri Egunaren helburu

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena betetzen da aurten, eta Independentistak sareak igandean bertan ospatuko duen Aberri Eguna baliatu nahi du «iragana oroituz, etorkizuna eraikitzeko konpromisoa konpartitzeko eta lau haizeetara argi eta garbi esateko: Euskal Estatu demokratiko eta sozialari Bai! Euskal Errepublikari Bai!».

Gernikan ospatuko du aurten Aberri Eguna Independentistak sareak. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

«Sigla politiko eta sentsibilitate zehatzen gainetik» igandean Gernikan ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko deia egin die Independentistak sareak euskal herritar guztiei. «Denok batera ‘Gernikako txoria’ paparrean, iragana oroituz, etorkizuna eraikitzeko konpromisoa konpartitzeko eta lau haizeetara argi eta garbi esateko: Euskal Estatu demokratiko eta sozialari Bai! Euskal Errepublikari Bai!», aldarrikatu dute ohar baten bidez.

Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta ‘Askatasuna eta bakea… Euskal Herriak erabaki!’ lemarekin, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu Aberri Egunak. Aldarrikapena izango da
nagusi 12:00ean Udaletxeko Plazan hasiko den manifestazioan eta amaieran Pasealekuan burutuko den ’Gernikatik independentziara’ ekitaldian. Ondoren, ospakizunaren txanda etorriko da eta, jai giroan, egitarau zabala izango da Gernikan gauera arte. Ordu luz horietan ez da jan eta edatekorik faltako.

13:30etatik aurrera, herri musikariak eta ‘Aberri Eguna kantari’ izanen da Gernikako kaleetan zehar. 15:00etatik aurrera, aldiz, Tximeleta taldea igoko da oholtzara. Haurreko, ordea, Merkurio plazan izango dute bere txokoa, Iriren Lagunak eta haien ‘Ane eta piratekin parrandan’ lanarekin.

Hatortxu Rock aurkezpena

Igandean zita garrantzitsua deitu du Independentistak sareak Gernikan, eta gauza bera esan daiteke Hatortxu Rockek uztailerako Lakuntzan antolatutako lau eguneko elkartasun jaialdiarekin. Hori gutxi balitz, aurkezpen biran murgilduta dago Hatortxu, eta Lakuntzan abiatu eta gero, bihar Berlinen izanen dira eta igandean, Gernikan, ez dute hutsik egingo.

Altxatu eta Hesian talde nafarren eskutik, 18:30etatik aurrera, Pasealekuan, elkartasun jaialdia gerturatuko diete bertaratutakoei, uztailean ere Lakuntzara joateko beharra nabarmenduz.