INFO

Zortzigarren postuak eskuetatik ihes egin dio Bilbao Basketi (85-90)

Partida gogorra eta maila onekoa jokatu arren, azken unean garaipenak ihes egin dio RETAbet Bilbao Basketi. Bilbotarrek zortzigarren postuan den Morabanc Andorrarekin berdintzea amesten zuten, eta hirugarren laurdenaren amaieran esku eskuan izan dute, 67-59 nagusi baitziren, Dejan Todorovic serbiarraren partida bikainari eta ordezkoen bolada on bati esker. Alabaina, Obradoirok ez du etsi, eta hirukuz hiruko, azken minutura 85na berdinduta iristea erdietsi du. Yusta gaztearen hiruko batek galiziarrak 85-88 aurreratu ditu eta bizkaitarrak ez dira kolpe horri buelta emateko kapaz izan.

Bilbao Basketek ezin izan du galiziarren aurka irabazi. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Igandean Morabanc Andorrak Malagan galdu ondoren, zortzigarren lekua bereganatzeko aukera ezin hobea alperrik galdu du RETAbet Bilbao Basketek. ACB Ligako atzealdean den Obradoiro zuen arerio, eta galiziarrek beren motibazio propioa, jaitsiera postuak atzean lagatzea, alegia, gailendu dute. Hiruko zaparrada amaiezina izan da partidan, etekin handiagoa atera diote baliabide honi Moncho Fernandezen mutilek, 28 saiakeratatik 15 saskiratuta –40tik 16 beltzezko gizonek–; baita azken minutuetan urduritasuna hobeto kudeatuta ere. Neurri baten, patxada apur bat falta izan zaio Bilbao Basketi.

Partida gogorra izan da. Galiziarrek ausart ekin diote demari, urrungo jaurtiketak bata bestaren atzetik asmatuz. Bilbao Basketek, gainera, osasun arazoak nozitzen zituen, bere izar Alex Mumbru orkatila okertu arren jokatzen ari zen, baina bere ohiko mailatik urruti. Zorionez, Dejan Todorovic hegaleko serbiar gazteak eta Jonathan Tabu antolatzaileak hartu dute bilbotarren gidaritza, eta hala buelta eman diote markagailuari. Partida ezin hautsi izan dute, ordea, eta atsedenaldira markagailua 44-41 zela iritsi dira. Albisterik txarrena, ordea, Miha Lapornik esloveniar gazteak eman du, orkatila okertu baitu arerio baten oina zapaldu ostean zorigaitzeko jokaldi batean.

Bizkaitarren mementurik gozoena hirugarren laurdenaren azken aldera iritsi da. Aurrez Obradoiroren bolada onei erantzutea lortu badute, behingoagatik alde apur bat hartzea ere erdietsi dute Carles Duranen mutilek, 9-0ko partziala lortu ostean. Minutu horietan Salgado, Tobias Borg, Dejan Todorovic, Ivan Buva eta Danilo Nikolicek osatzen zuten Bilbao Basketen bostekoa; hau da, denak ordezko jokalariak, Todorovic salbu. Ordezkoen lan bikain hortaz baliatuz, bilbotarrek garaipena ziurta zezaketela zirudien, baina titularrak, dela nekeagatik, dela osasun arazoengatik, ez dira beren ohiko mailan egon azken minutuetan.

Zortea ere bere alde izan du Obradoirok, hiru zail ugari sartu baitituzte talde galiziarreko jokalariek, Dulkysek eta Whittingtonek batik bat. Hala, azken minutura 85na berdintzea lortu dute; are gehiago, Santi Yustak 85-88 aurreratu ditu Santiago de Compostelakoak 48 segundoren faltan. Bilbotarrek ez dute jakin nola erantzun, eta berdintzeko aukerak bata besterean atzetik hutsegin dituzte, eta, hala, zortzigarren postuak garaipen batera jarraituko du.

Aurreneko itzulian antzeko ezusteko porrot bat jasan zuten etxean bilbotarrek, orduko hartan Betisen aurka, eta ondorioz Kopatik at geratu ziren. Gaurko porrotak antzeko ondoriorik ekar lezake, baldin eta igandean Joventuten aurka Badalonan galduz gero.