INFO

Britaniar Parlamentuak hauteskundeak ekainaren 8ra aurreratzea onartu du

Aldeko 522 eta kontrako 13 bozkarekin, Komunen Ganbarak hauteskunde orokorrak ekainaren 8ra aurreratzea onartu du, Theresea May lehen ministroaren proposamena babestuz. «Nazioaren etorkizunean sekulako garrantzia duen une honetan Westminsterren batasuna behar dugu, ez haustura», adierazi du Mayk.

Theresa May lehen ministra, gaurko saioan. (AFP)

Westminsterrek Theresa Mayren eskaerari baiezkoa eman eta hauteskunde orokorrak ekainaren 8ra aurreratzea onartu du. Gobernu britaniarrak aurkeztutako moziak Komunen Ganbararen bi heren babesa behar zuen, eta aurrera atera da aldeko 522 eta kontrako 13 bozkarekin.

Bozketaren aurreko eztabaidan, Theresa May lehen ministroak hauteskundeak aurreratzeko «beharra» nabarmendu du. «Nazioaren etorkizunean sekulako garrantzia duen une honetan Westminsterren batasuna behar dugu, ez haustura», adierazi du.

«Horregatik, zentzuzkoena eta arduratsuena da guztiok hauteskunde deialdi honen alde bozkatzea», gehitu du. Inkestek 20 puntuko aldea ematen diote Alderdi Kontserbadoreari laboristen aurrean. Testuinguru horretan, Mayk hauteskundeak deitzea erabaki zuen Brexitaren «baldintzak eta negoziazio prozesua aztertu ostean». Europar Batasunarekin egin beharreko negoziazio honen baitan, bere helburua Londres «egoerarik indartsuenean» egoeran egotea eta «akordiorik onena» lortzeko modua bilatzea dela gehitu du.

Bestetik, laboristen liderra den Jeremy Corbynek gogora ekarri dio Mayri hauteskundeak deitzea baztertu zuela eta hurrengo deialdia 2020an izanen zela. «Nola izan dezakegu konfidantzarik lehen ministrak esandakoan?», galdetu du.