ETAren armagabetzea arrazoi politikoetan oinarritzen dela nabarmendu du Aralarrek
ETA arrazoi politikoengatik sortu zela eta duela sei urte jarduera armatuari uzteko erabakia zein armagabetzea ere arrazoi politikoei erantzuten diela nabarmendu du Aralar alderdiak gaur Iruñean egin duen prentsaurrekoan.
«ETA arrazoi politikoengatik sortu zen eta ETA arrazoi politikoengatik utzi zion, orain dela sei urte, borroka armatuari eta arrazoi politikoengatik armagabetu da. Aldebakarrekotasunez eman ditu ETAk urrats horiek», adierazi dute Aralar alderdiko Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera buruek.
«Ez da beraz inolako ordaineketa edo prezio politikorik egon, baina horrexegatik ez dago ere inolako baldintza edo muga politikorik Euskal Herriaren etorkizun librerako», gaineratu dute.
Honekin batera, Aralarreko kideek «gizarteak errelatoa edo kontakizuna etorkizunera begira behar duela» adierazi dute ere. «Errelatoa ez da bakarrik historiako egia argi eta garbi eta azken muturreraino jakiteagatik bakarrik egin behar den zerbait, baizik eta gainera, eta batez ere, etorkizunera begira eta askatasunean oinarriturik eraiki behar den kontakizuna», adierazi dute.
«Zergatik eta ze helbururekin sortu zen ETA? Zein dira –onerako eta txarrerako– ETA sortu izanaren eta bere jardunaren ondorio politikoak, giza-mailako eta izaera sozialekoez gain?» gisako galderei erantzun behar zaiela esan dute Aralarreko agintariek.
«Hamarkada luzeak daramazki Madrileko Gobernuak ETAren sorrera, izaera eta helburu politikoak ukatzen, baina bere itsukeriak eragotzi dio elkarrizketarako jarrerik izatea eta aterapidea aldabakarrekotasuna bidez egin izanak, Euskal Herriari eskuak eta aukera guztiak libre eta argi uzten dizkio zorionez», nabarmendu dute.