INFO

‘Guernica’ Gernikara ekartzeko eskatu du Gasteizko Legebiltzarrak

Gasteizko Legebiltzarrak Picassoren ‘Guernica’ margolana Gernikara ekartzeko eskatu dio Gobernu espainolari. EH Bilduk eta EAJk bozkatu dute alde, PPk eta PSEk aurka eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin da.

‘Guernica’ Madrilgo Reina Sofia museoan dago egun. (Javier SORIANO/AFP)

EH Bilduk proposatuta, Gasteizko Parlamentuak ‘Guernica’ Gernikara ekartzeko proposamena onartu du, koalizioaren eta EAJren botoekin. Azken horien gobernukideak, PSEk, kontrako botoa eman du, PPk bezala. Elkarrekin Podemos, berriz, abstenitu egin da.

Onartutako legez besteko proposamenean, Parlamentuak Gobernu espainolari eskatzen dio Picassoren margolana Gernikara ekar dezala, eta Lakuako Gobernuari, berriz, «beharrezkoak diren urrats instituzional guztiak eman ditzala, eta lagun dezala margolana Gernikan kokatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta egokitzapen lanetan».

‘Guernica’ behin betiko lekualdatzea posible ez bada «subsidiarioki eta 2010ean Legebiltzar honetan adostutakoa aintzat hartuz, Bilboko museoetako batean aldi baterako ikusgai egon dadila» eskatzen du.