INFO

Euskal kulturaren transmisioa sorkuntza jolas bilakatuta

Belaunaldi berriak euskal kulturara hurbiltzeko xedea duen Loraldia Eskolak bere uzta aurkeztu du aurtengo jaialdian. Gida pedagogiko bati jarraituz, Bilboko bi ikastolatako umeek ikuskizunak sortu eta taularatu dituzte, Zuberoako pastorala oinarri artistikotzat hartuta.


Egitasmo honen gidaria izan den Erika Urangaren iritziz, «hezkuntza komunitatean, gure kulturaren transmisioa bermatzeak berebiziko garrantzia du, etorkizuneko kultur sortzaileak, sorkuntza eta publiko jantzia ziurtatu ahal izateko; eta kulturak berak ahalbidetzen dituen dinamika eta metodologia transgresoreak ere, hezkuntzara, haur eta gazteetara, hurbildu behar ditugula uste dut».

Oinarri horien gainean, irailean abiatu zuten proiektua San Andriango Urretxindorra Ikastolarekin eta Deustuko Ikastolarekin elkarlanean. Loraldia Elkarteak sortutako gida didaktikoa baliatuz, sormen prozesu bat garatu zuten ikasleekin. Gida horretan Antton Abadiaren bizitza eta ekarpena kontatzeaz gain, lore jokoen nondik norakoak azaltzen ziren, haurrek beraiek Lore Joko modernoak sor zitzaten. Sormen lan hau eskolako curriculumean txertaturik dago jada.

22 astean zehar zenbait diziplina artistiko landu dituzte aipatu ikastetxeetan. Literatura, musika, dantza, bertsolaritza… arlo bakoitzean aditua den pertsona batekin. Bilboko 10 eta 11 urteko 106 haurrek hartu dute parte proiektuan, eta oinarri artistikoa Zuberoako Pastorala bazen ere, XXI. mendeko ikuskizun garaikideak egin nahi izan dituzte. Deustuko Ikastolako ikasleek euskal mitologiari buruzko pastorala prestatu zuten, “Mar eta Maddi” izenekoa. Urretxindorra Ikastolakoen antzezlanak Eneko Aritza Nafarroako errege-erreginen dinastiako lehen izen ezagunean oinarria izan zuen.

Urangak aitortzen digunez, «esperientziaren balorazioa oso ona izanik, Loraldia Eskolari globaltasun bat emateko asmoz gaude. Datorren ikasturterako aurrera atera nahiko genituzkeen proiektuak zirriborratzen».