Preso eta iheslarien auzia kalera eramateko ekimen anitz
«Gatazkaren ondorioen arazoari heltzeko, jada aitzakiarik ez» dagoela diote Ipar Euskal Herriko preso eta iheslari ohiek. Fijait fitxategien aplikazioekin batera, azkenaldian jasan dituzten zenbait eraso salatu eta testuinguru berrian eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehaztu zuten atzo, Baionan. Egunotan ekimen andana izango da.
Apirilaren 8an «jendarte zibilaren iniziatibaz burutu zen armagabetzearen» ostean, «biktima, preso eta iheslarien auzian urratsak egiteko» momentua dela azpimarratu zuten Ipar Euskal Herriko preso eta iheslari ohien taldeko kideek.
Testuinguru berrian eman beharreko hiru pauso azaldu zituzten. Lehena, eri diren presoak askatzeari dagokiona, «urgentziazkoa da» eta bigarrenak, «bakearen kontrakoak» diren salbuespen neurriak deuseztatzea proposatzen du.
Hirugarren urratsak preso eta iheslarien aferari heltzen dio; izan ere, «elkarbizitza eta bakea bermatzeko» askatu beharreko korapiloa dela adierazi zuen Jon Irazolak: «Zeren auzi hau konpondu gabe ez da bakerik izango».
Fijait zerrenda handitzen
Estatu frantsesean «arau-hauste terroristak» egin dituztela leporatuta Fijait fitxategietan diren euskal militanteak gero eta gehiago dira. Egun, 49 espetxeratu eta 15 preso ohi daude zerrendan eta, bozeramaileak argitu zuenez, «denek aurkeztu zituzten helegiteak zerrenda horietan egon ez zitezen, baina bi kasutan eman ziren salbuespenak salbu, gainontzeko errekurtso guztiak errefusatuak izan ziren».
Ildo berean, «20 urte Brasilen bizitza normala egiten» zeraman Joseba Vizan iheslariaren atxiloketa salatu eta oraindik «Euskal Herrian bizitzeko debekuek indarrean segitzen» dutela nabarmendu zuten Baionan bildutakoek.
Udaberriko ekimenak
Kalera Kalera dinamikak aurrera jarraitzen du eta datozen egunetarako mobilizazio eta ekimenak iragarri dituzte. Hala nola maiatzaren 8 eta 14a bitartean manifestazioak izango dira Errenteria, Iruñea, eta Ortuellan.
Bestalde, maiatzaren 20an Curtis, Picassent, Puerto de Santa Maria, Fleury Merogys, Saint-More eta Roanneko presondegitara abiatuko diren autobusetan parte hartzeko izena ematera deitu zuten jendartea.