INFO

Hamaika laburreko aperitiboa

Bilboko Fant jaialdiaren hogeita hirugarren edizioak gaur irekiko ditu ateak. Aurreko urteetan bezala, film laburrek presentzia handia izango dute zinema fantastikoaren jaialdian. Horien artean hamaika euskal egilek egindako lanak lehiatuko dira. Gaur gauean horiek denak ikusteko aukera izango da Campos antzokian.


Euskal Fant Laburra saila atzo aurkeztu zen, bertan lehian arituko diren hainbat zinemagileren presentziarekin. Maria Zabala, Norma Vila, Aitor Gutierrez, Azahara Gomez, Javier Prieto, Mikel R. Alonso eta Asier Iza zuzendariak eta Ivan Miñambres ekoizlea bildu ziren atzoko ekitaldian, Justo Ezenarro Bilboko Zinemaldi Fantastikoko (Fant) zuzendariarekin batera.

«Aurreko urteetan bezala, film laburrak presentzia azpimarragarria izango du edizio honetan. Fikziozko eta animaziozko 22 lan eskainiko dira, jasotako 900 lan baino gehiagoren artean aukeratuak. Horien artean euskal zinemagileek egindako hamaika daude eta gaur eskainiko dira. Hitzordua Campos antzokian da, 23.00etan.

Horren aurretik, 20.00etan, inaugurazio ekitaldia egingo da Campos antzokian bertan. Eduardo Casanovas aktorearen lehen film luzea, “Pieles”, eskainiko da. Zuzendaria eta hainbat kide –Ana Polvorosa, Itziar Castro eta Ana Maria Ayala aktoreak– han izango dira.

Hauexek dira lehian arituko diren lanak: “Bestealdetik” (Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi), “Brighst lights” (Maria Zabala), “Decorado” (Alberto Vazquez), “Extatico” (Azahara Gomez), “Ihesa” (Alejandro Diaz Castaño”, “Jules” (Norma Vila), “Nunca pasa nada” (Javier Prieto)

Euskal zinemagileek lehiaketara aurkeztu dituzten hamaika lanak jatorrizko bertsioan eskainiko dira, euskarazko edo/eta gaztelaniazko azpitituluekin.

Gainerako film labur gehienak Britainia Handitik, Estatu frantsesetik, eta Estatu espainoletik iritsitako lanak dira. Aurten, Kanadatik jasotako film labur bat ere badago. Nazioarteko lan laburrak bihar eskainiko dira, arratsaldeko zortzietan, Alondegiko auditoriumean.

Fant Laburrean sailean 3.000 euroko bi sari emango dira. Sariak, epaimahaikideen eta ikus- entzuleen iritziz zinema jaialdian parte hartu duten lan labur onenei emango zaizkie. Horrez gain, euskal film labur hoberenak 2.000 euroko saria jasoko du.

Sail Ofizialeko film luze onena, nazioarteko film labur onena eta euskal film labur onena aukeratzeko ardura izango duten adituen epaimahaia Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zinema zuzendaria eta gidoilariak eta Miguel Angel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetari sevillarrak osatuko dute.