INFO
Elkarrizketa
BIXENTE VRIGNON
KAZETARI ETA IDAZLEA

«Militante izateak ez du esan nahi ez duzula sufritzen errepresioa pairatzean»

Radio France irrati publikoko kazetaria da duela hogei urtetik. «Egin» egunkarian abiatu zuen bere ibilbidea, eta egun ere hainbat hedabiderekin kolaborazioak egiten ditu. Angeluarra izatez, hainbat elkartetan parte hartu zuen Hazparnera bizitzera joan aitzin. Bere hirugarren liburua da ‘‘Une jeunesse basque’’. Aurreko bietan ere mundu abertzaleari buruz idatzi du: “Les années oubliées”-en 1968-1978 aldiaren berri emanez eta “Une simple existence sentimentale”-n 1978-1988 tarteari buruz.


Bixente Vrignonek “Une jeunesse basque. Aurore Martin: Recits de combats politiques interdits” lana argitaratu berri du Gatuzain argitaletxearekin. Euskal Herri osoan eta Estatu frantsesean zeresan handia eman zuen zuberotarraren historiari helduta gazte mugimenduen erretratu bat egiten du, non «borroka politiko debekatuen kontakizuna» ere egiten duen.

Zergatik erabaki zenuen Aurore Martini buruzko liburua idaztea?

Pentsatu nuen istorio hori kontatua izango zela, interesgarria baita, eta uste nuen kanpotik baino hobe zela hemendik kontatu izatea, nahiz eta ikuspegi ezberdinak izaten ahal diren. Bigarrenik, frantses publiko bati zuzendua da; horregatik, frantsesez idatzia da eta arras oinarrizkoa da. Jende anitz interesatu da Aurore Martinen kasuaz, anitz aipatua izan da frantses hedabideetan.

Hori baliatuz, euskal gazteriaren mugimendua kontatzea, Euskal Herriko historiaren zati bat, zein den hemengo egoera. Izan ere, Aurore Martini gertatu zaiona ez doakio bakarrik berari, mugimendu oso bati baizik; hortik, beraz, ezker abertzaleko mugimendua aurkezteko Martinen kasua baliatzea.

Eleberri baten estiloa du zentzu ezberdinetan. Alde batetik protagonistari segitzen diogu, eta bide horretan istorio eta pertsonaia ezberdinak gurutzatzen dira.

Hori da, irakurtzeko erosoena kronologikoki segitzea da. Aurore Martin da «hari gorria», baina hori baliatzen da gazte mugimendu guztiak aipatzeko, ondorioak, eta haren bidea gurutzatu dutenak.

Hein horretan, berezia da aurkezten duzun pertsonen ikuspegi pertsonala, eta batzuetan intimoa ere bai; hau da, nola bizi izan duten afera hori.

Hori egin dut liburuaren oinarrian dagoen galderaren haritik: «Zendako lotu da jendea Aurore Martini?». Bat, neska bat delako, bere izena frantsesa delako eta frantses bat arras identifikatzen ahal da berarekin: ez da Haizpea Abrisketa, izen ezinerran batekin. Gainera, gazte looka du… Bere deklarazioetan ez zuen erabiltzen diskurtso politikoa, neska gazte bat bezala mintzo zen, sentitzen zuena aipatzen zuen.

Pentsatuz horri lotu dela jendea, hurbiltasuna ekartzen du ere bakoitzaren bizipena kontatzeak. Liburuaren hasieran aipatzen dut, eskertzekoa baita elkarrizketatuek beren esperientzia propioa kontatzea. Finean, besteak errepresentatuak sentitzen baldin badira da esperientzia hori partekatua delako. Zaila da, zeren eta ezker abertzalearen mugimenduan, eta ezkerretan anitzetan, kolektiboki lan egiten da, eta beti aipatzen da «gu» edo «mugimenduak erabaki du», baina gutxitan «ni», zaila izan da «ni» hori erabilaraztea, eta onartu izana eskertzekoa da zinez. Horrek hurbilpena eta identifikazioa ekartzen du. Horrela errazkiago da jendeari ulertaraztea zer pasatu den.

Azkenik, kanpotik ikusita pentsatzen da mugimendu bat dela, militanteak direla, gogorrak, badakitela… baina finean, onartzen da, bai, militanteak direla, baina pertsona soilak ere bai, beste edozein bezala. Eta militante izateak ez du eragozten sufritzen duzula errepresioa pairatzen duzularik, sentimenduak dituzula, tristezia, negarra, errabia… dituzula ere. Ez du eragozten borroka politiko bat eramaten duzula, baina gizartean bizi den pertsona bat bezala.

Militanteen itzuli handi bat egiten duzu liburuan zehar. Nola hautatu zenituen?

Elkarrizketa egin nion Aurore Martini bizpahiru alditan. Berak aipatzen ditu militante horiek guztiak bere erranetan. Berak aipatzen ditu Xabi Duhalde, Haritza Galarraga, Haizpea Abrisketa, Gari Mujika, Irati Tobar… Bere bidea gurutzatu dute, eragina izan dute bere bizitzan eta bere pentsatzeko moduan.

Kanpokoentzat bereziki idatzia duzula diozu, baina Euskal Herriko jendearentzat ere interesa badu.

Bai, denbora tarte bat hartzen baitu bere osotasunean. Kazetari gisa, eta aktualitatea segitzen duen jendeak ere, egunez egun segitzen dituzu gertakariak, baina horrek eragozten du osotasun bat ikustea. Eta hor ohartzen zarelarik urtero atxilotzen zituztela gazteak, edota Garazin gertatu zena Kalaka ostatuan: joan direla gazte batzuen xerka eskolara, lanera, eta preso altxatu dituztela eta hamar urte geroago ez direla epaituak izan... halako gauzei neurria hartzen diezu. Badu bertute hori.

Elkarrizketa horietatik guztietatik zer laburbilduko zenuke?

Beste bi liburu idatzi ditut euskal mugimenduei buruz, eta ikusten dut beti berrastapen bat dela Iparraldean, eta pentsatzen dut Hegoaldean ere baietz. Ikusten duzu 70eko hamarkadan gazte mugimendu euskaldunak sortzen direla, entseatzen dira teorizatzen, nondik heldu garen bezalako galderei erantzuten, politikan sartzen, eta errepresioari buru behar dutela egin. Beharbada bada transmisioa eskasa abertzale mugimenduan, badira gazte anitz bere historia ezagutzen ez dutenak.

Ideologikoki garapen bat ikusten duzu liburuan kontatzen den denboran zehar?

Bai, ikusten da. Bai Hegoaldean, bai Iparraldean elkartzeko nahia: euskaldunak bagara ez gara Iparraldekoak edo Hegoaldekoak izaten ahal, batu egin behar garela. Ikusten da batzea nola egiten den, eta momentu batean talka egiten duela errealitatearekin, erran nahi baita, Iparraldea eta Hegoaldea baldin badira da bi estatuen menpe garelako. Ikusten da, nahiz eta biak euskaldun izan, badirela kultura praktika diferenteak.

Gari Mujikak untsa aipatzen du bere parte hartzean, Irati Tobarrek eta Xabi Duhaldek ere bai, bada nahi hori bi aldeetatik bat izateko, baina hala ere ohartzen dira ezberdintasunak badirela. Bada errepresioa alde batetik, baina bada ere konstatazio bat desberdintasun sakonak direla, eta ezin dela erran mugimendu bakarra garela Euskal Herri mailan.

Beste liburu batzuk idatzi dituzu euskal gizarteari buruz. Honek ze ekarpen egin dizu?

Beste liburuetan gazteago nintzen, eta gehiago bizi izan ditut. Hau kanpotik bizi izan dut arras. Gehiago ezagutu dut orduko gazteria, gehiago ulertu mekanismoa, nola gertatu den… Kanpotik den ikuspegia mugimenduari buruz, menturaz sakontzea ere Hegoaldearekin izaten ahal den diferentzia. Aipatzen ditugu ere bakoitzaren ibilbideak eta gehienetan indar bat da, eta akats bat da aipatzea mugimendu bakarra balitz bezala. Ikusten da Irati Tobar ez dela Gari Mujika edo Martxelo Otamendi bezalakoa. Bakoitzak bere mundua du, bere errealitatea. Ezberdintasun horiek zinez hunkitzea lortu dut liburu horrekin.