INFO

Rafa Diezen askatasuna eskatu du Arnaldo Otegik El Dueson

El Duesoko espetxera joan da gaur Arnaldo Otegi Rafa Diez bisitatzeko eta LABeko idazkari nagusia izandakoaren eta euskal preso politiko guztien askatasuna eskatu du.


Bakea eszenatoki eskuragarria izan dadin lanean jardun den sindikalista abertzaletzat jo du Arnaldo Otegik Rafa Diez, azken hau preso dagoen El Dueso espetxeko atarian grabatu eta Twitter bidez zabaldu duen bideoan.

Diez ‘Bateragune’ auziarengatik dago espetxean. Kausa honetan Otegi bera eta Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta ere espetxeratu zituzten.

Duela egun gutxi PSEko Patxi Lopezek kartzela horretara bisita egin zuen Ramon Rubial espetxeratu zutela gogoratzeko. «Gaur gu Gobernu sozialista baten pean Rafa Diez eta beste batzuk kartzelaratuak izan ginela ekartzen dugu gogora», adierazi du Otegik.

Euskal preso politiko guztien askatasuna ere eskatu du Otegik, duela 75 urte bere amak El Duesoko espetxera anaia bisitatzera joan behar izan zuela gogoratu ondoren.