Lasterbidean: «Bizitu egin behar da errepresaliatuen eskubideak babesteko lasterketaren erritmoa»
Datorren ekainaren 4an Oñatin egingo den Lasterbidean elkartasun lasterketaren aurkezpen agerraldia egin dute hainbat kirolzalek. Bertan, besteak beste, euskal errepresaliatuen eskubideak errespetatu eta hauek etxera ekartzeko lasterketaren erritmoa «biziagotu» egin behar dela aldarrikatu dute.
Hainbat kirolzale elkartu dira larunbat goiz honetan, aurtengo Lasterbidean elkartasun lasterketaren aurkezpena egiteko. Duela bost urte eman zituen ekimenak bere lehen urratsak, «zoritxarrez», baina, «arineketan darraigu, urrunketari bidezidorra topatu nahian».
Azaldu dute jakitun direla egungo egoeran preso edota urrun dauden euskal herritarren eskubideak errespetatu eta etxeratzeko «lasterketaren erritmoa biziagotu beharra daukagula. Denon artean arin, helmugak ezin baitu denbora luze itxaron».
Aurtengo edizioaren aurkezpena egiteko 10.00etan elkartu dira Oñatiko plazan, eta ibilbidea ezagutu dute: «Hitz batean: ederra». Ibilbidea ezagutzeaz gain, baina, lan egun moduan hartu dute gaurko eguna. «Ekainaren 4ko elkartasun uholde gorria posible egiteko, lana gogotik egin behar da», adierazi dute.
Hori horrela, prentsa agerraldia amaitu bezain pronto zeregin ezberdinetan murgildu dira guztiak, oñatiar zein Euskal Herriko txoko zenbaitetatik bertaratutako lagunak. Deia, garbia: ekainaren 4an Oñatira bertaratzekoa, laster bidean izanik laster etxean ikusi arte.