Alfredo Remirez urtebetez espetxeratu nahi du ANk, 2009an ezarritako zigor bat betearazteko
Sare sozialetan «terrorismoa goratzeagatik» iragan otsailean ezarri zioten zigorra baliatuta, 2009an jaso zuen urtebeteko espetxe zigorra betearazi nahi dio Auzitegi Nazional espainolak Alfredo Remirez amurriarrari, Twitterren @erreharria ezizenez ezaguna denari.
Urtebetez espetxeratua izateko arriskuan dago Alfredo Remirez amurriarra, ‘Aiaraldea’-k berri eman duenez.
Iturri honen arabera, Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioak Remirezi jakinarazi dio 2009an jasotako zigor bat betearazteko espetxeratu nahi dutela.
Iragan otsailean, sare sozialetan «terrorismoari gorazarre» egiteagatik urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion epaileak eta, hain zuzen, epai hori baliatu nahi du ANk 2009an jasotako beste zigor batengatik espetxera bidaltzeko.
Urte hartan, Amurrioko jaiei hasiera eman zien txupinazoan preso baten argazkia erakusteagatik zigortu zuten. Zigorra bi urtetik beherakoa zenez, amurriarra ez zen espetxera joan, baina bost urtez deliturik ez egitearen baldintza ezarri zioten.
2009ko zigorra betearaztea
Sare sozialei lotuta egozten dizkioten delituak 2012 eta 2014 urteen bitartean egin zituela argudiatzen du auzitegiak aurrez ezarritako baldintzak bete ez zituela baieztatzeko eta, hortaz, 2009an bertan behera utzitako zigor hura bete dezala eskatzeko.
Hiru egun eman dizkiote Remirezi helegitea aurkezteko.
Datozen egunotan elkartasuna adierazteko mobilizazioak deituko dituztela hgainerau du aipatu iturriak.
aqui, como Forrest Gump.. la Audiencia Nacional es como una caja de bombones, nunca sabes con que te van a enmarronar #SonreirQueLesJode ;) https://t.co/fQVGRrXaqZ
— ɐᴉɹɹɐɥәɹɹә@ (@erreharria) May 22, 2017