INFO

Europako Neurokirurgia Sarearen Bilera

Mundu osoko 100 bat neurozirujau ospetsuek gradu baxuko gliomarekin lotutako alderdi guztiak aztertuko dituzte hainbat ikuspuntutik.


Bilkuraren 12. edizioaren inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, ekainaren 2an, goizeko 10.30ean, Bilboko hirigune historikoko egoitzan (BBVA eraikina, San Nikolas plaza 4), Osakidetzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

European Low Grade Glioma Network (ELGGN) edo Gradu Baxuko Gliomaren Europako Sarea (ELGGN) gaixotasun konplexu horren maneiua eta tratamendua ardatz duten neurokirurgiako espezialisten talde aktibo bat da. Tumore mota bat da glioma, eta ebakuntza baten beharra duten pazienteengan antzemandako tumoreen erdia osatzen du.

Bilkurak kudeaketa iraunkorraren ereduari jarraituko dio, hau da, bilera eta jardunaldi medikoak haien izaera teknikoari bakarrik lotuko zaizkio, eta eskuarki ekitaldi mota honekin lotutako alderdi komertzialetatik urrunduko dira. Horretarako, erakundeak antolatu duen topaketa mota honetan, bertaratutakoek ez dute izen ematea ordaindu beharko, eta topaketaren edukia streaming bidez zabalduko da, bertaratu ezin direnentzat.

Hizlarien kasuan ere, ez dute inolako pizgarri ekonomikorik jasoko parte hartzeagatik. Hala ere, alderdi teknikoetan enpresek laguntzea onartu da, adibidez, ikus-entzunezko atalean, alderdi sozialean (topaketaren egoitza), ludikoan (Guggenheimera bisita) edo webgunea egitean eta streaming zerbitzua bideratzean. Osakidetzako neurokirurgiako zerbitzu guztiek parte hartu dute lantalde horretan.