INFO

Semea hiltzea leporatzen dioten gizon baten aurkako epaiketa hasi da Donostian

2011ko abenduan Donostiako Antigua auzoan bere 13 urteko semea hiltzea leporatuta gizon bat epaituko dute datozen hiru asteetan Gipuzkoako Auzitegian. Herri-epaimahaiaren osaketak hartu du lehen saioa. 

Bi ertzain, Julen S. hil zen Antigua auzoko etxearen atarian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Herri-epaimahaiaren osaketarekin hasi da gaur Gipuzkoako Auzitegian Donostiako 44 urteko gizon baten aurkako epaiketa, 2011ko abenduan 13 urteko bere semea labankadaz hiltzea leporatuta. Epaiketak hiru aste iraungo du.

Iñigo Iruin akusazio partikularraren abokatuak 20 urteko espetxe zigorra eskatzen du Luis S.-rentzat, akusatuaren emazte ohi eta hildako umearen amaren ordezkari gisa.

Jorge Bermudez fiskalak, berriz, 18 urteko kartzela zigorra eskatzen du, eta defentsak, Miguel Castells abokatuak ordezkatuta, absoluzioa. 

Fiskalaren idatzian jasotzen denez, 2011ko abenduaren 1ean, goizeko 7.40ean, Luis S.-k Julen bere semea gelditu zuen kalean, hura eskolara zihoala, eta ordura arte familiaren etxea izandakora joateko konbentzitu zuen, Antigua auzoan. Han zeudela, eta «bere emaztearekiko erresuminez» –honek aste batzuk lehenago dibortzioa eskatu zion–, labankada bat eman zion semeari bularrean, «bere biziarekin amaitzeko asmoz». Haurrak defendatzeko astirik ez zuela izan nabarmentzen du fiskalak, erasoa oso azkarra izan zelako.

Aita hainbat egunetan desagertuta egon zen eta abenduaren 7an atxilotu zuten.

Defentsaren arabera, ordea, haurraren heriotza istripua izan zen; objektu bat hartzera apal batera igo zen eta erortzean labana bularrean sartu zitzaion.

Akusatuak astearte honetan deklaratuko du epaiketan. Datorren ostiralean, berriz, kLuis Miguel Querejeta eta Ruben Sevillano forentseek autopsiaren ondorioak azalduko dituzte eta saio horretan Paco Etxeberria forentseak ere bere lekukotasuna emango du, akusazio partikularrak eskatuta.