INFO
Elkarrizketa
PEIO ETXEBERRI-AINTZART
EH BAI-KO HAUTAGAIA SEIGARREN HAUTESKUNDE-BARRUTIAN

«Herri honen urrats azkar guztien atzetik abertzaleen hatsa sumatu daiteke»

Donibane Lohizuneko historialariak herri kontseilari gisa esperientzia luzea du. Bere eskualdean etxebizitza, garraio eta enplegu alorretako beharrei erantzuteko kanpaina hurbila egin du. Abertzaleek Parisen bozgorailu propioa izan dezaten lehiatuko da igandean.


Peio Etxeberri-Aintzartek «garapen jasangarriarekin» lotzen ditu Euskal Herria Bai frantziar Legebiltzarrean «bozgorailu bat izateko» egiten ari den kanpainaren ardatz nagusiak. Eraberritze ekologikoaren eskutik, bere hauteskunde-barrutian diren erronka nagusiei –etxebizitza, enplegua, garraioa, pertsonentzako zerbitzuak– erantzun egokia eman ahal zaiela uste du. Igandean, bigarren itzulirako txartela eskuratzea du xede.

Presidentetzarako hauteskundeen ostean, Legebiltzarrerako ordezkariak hautatzeko bozak gainean ditugu. Estatu mailako dinamika nagusitzeko arrisku handia ikusten duzu?

Biziki zaila da galdera horri erantzutea, lehen aldikoz kausitzen delako horrelako egoera bat. Orain arte panorama nahiko klasikoa zen. Ezkerreko eta eskuineko munduak ziren, eta dohai bat aparte, Fronte Nazionala. Handik aitzina ezer gutxi. Aurten berezitasun bat dago En Marche fenomenoaren sorrerarekin. Era berean muturren gorakada gertatu da, eskuinetik Fronte Nazionalarekin eta ezkerreko eremutik La France Insoumise-rekin. Parekatzerik egin gabe, aldaketa horiek guztiek islatzen dute edo nahasten dira politikagintza klasikoarekin amaitzeko gizartean dagoen gogoarekin. Horrek lehen ondorio gisa Les Republicains eta PSren gainbehera ekarri du.

Hartara, litekeena da herritarrek maiatzean eginiko hautua berrestea?

Macronen alde bozkatu zuten herritarrek barruti tipietan gauzatuko diren boz berri hauetan berdin jokatuko dute? Euskal Herrian, Florence Lasserre seigarren barrutian edo Vincent Bru bosgarrenean, bata MoDem-etik datorrela, bestea lehenik Michèle Alliot-Marierekin aurkeztu zena... horiek baldin badira Macronen proiektuaren sustatzaileak Euskal Herrian... berrikuntza aldetik eskas dira.

Alta, EH Baik 2012an hautatu zituen pertsona berberak izendatu ditu orain zerrendaburu.

Lehenik eta behin, pertsona berberak hautatu ditugu, iraunkortasun eta koherentzia azalduz, ezin delako hauteskunde bakoitzean eta denbora oro aurpegi aldaketa xede bakarra balitz bezala jokatu; jakinik, gainera, EH Bairen kasuan lantaldea dugula tresna politiko nagusia. Inportanteena guretzat ez dira aurpegiak, baizik eta aurpegi horiek ordezkatzen duten proiektua. Gure sinesgarritasuna horretan datza. Guk ez dugu aldatzen behin-behineko aldaketei erantzuteko, gure egitasmoak zutabe sendoak dituelako. Lehena, bistan dena, abertzaletasuna da, hori da gehien ezberdintzen gaituena, dinamika politiko propioa sortzen duelako herri honetan. EAJ-PNB ez da eremu horretan jokatzen, frantziar eremuko indar politikoekin akordioen bidez ordezkari isolatu batzuk izatera mugatzen delako, osotasunean egitasmo abertzalea garatu gabe. EH Bai-k markatzen du abertzaletasunaren dinamika. Lurraldetasuna, euskara, zerbitzu publikoen eta laborantzaren defentsa, eta konponbide prozesua aintzat hartuta, eremu horietan guztietan ezkertiar eta abertzaleen hatsa sumatu daiteke. Herri honek egiten dituen urrats guztien atzetik hor gara. Akuilu lana egiteko; esaterako, euskal presoak etxera ekartzeko. Lan guztiekin jarraitzeko tresna berriak eskuratu behar ditugulako aurkezten gara boz hauetara.

Aldarrikapen historikoak ahantzi gabe, kanpaina honetan bereziki azpimarratu duzu larrialdi sozialari zein klima aldaketari erantzuteko beharra; interbentzio lerroak zehaztuz, zuri dagokizun seigarren hauteskunde barrutiari begira.

Urgentzia klimatikoaz ari garela, teoria eta egitasmo handiei tokia eginen diegu eremu zehatzetan. Adibidez, seigarren hauteskunde-barruti honetan kamioi astunen gaineko eko-tasa sartu dugu gure programan. Jendeak pentsa dezake zergatik asmo orokor hori guregana ekarri? Hain zuzen ere, hemen ez delako garraio orokorra, garbia, aski garaturik, eta jendea behartuta dagoelako eguneroko joan-jinak autoz egiteko. Egoera hori aldatu nahi badugu, mugikortasun jasangarria garatuz; baliabideak lortu behar ditugu. Nola? Guztientzat zergak emanez? Zor publikoa sortuz? Guk esaten dugu ezetz. Hemen Europa zeharkatzen duen bide nagusia dago. A-63a, urtero 3 milioi kamioi hartzen duen bide azkarra da. Horrek kutsadura aldetik gure eskualdean bereziki sortzen dituen ondorio latzei aurre egiteko, baita bestelako garraio eredua sustatzeko ere, zama handiko garraioari eko-tasa ezartzea neurri ona izan daiteke.

Frantziar gobernu berriak egitasmoaren gainean xehetasun guztiak eman ez baditu ere, lan erroformaren ardatz nagusiak jakinarazi ditu. Erreformari zuhurtziaz begitzen diozue?

Lan kodeari buruz bere xedeak zehazki garatu ez baditu ere, orain arte zabaldu dutenak ez gaitu lasaitzen: lan malgutasun handiagoa, prekaritatea, jende xumearen egoera usteltzeko prozesua areagotuko dute neurri horiek. Horretaz gain, eztabaida publikorik gabe, dekretuen bitartez, bultzatu nahi dituzte erreforma horiek. Gaurdanik abisatzen dugu, lehen bezala, gu karrikan izanen garela, lege horiei aurre eginen dioten sektoreekin batera. Guretzat hauteskundeak beste tresna bat direlako, baina benetan ezinbestekoa duguna da urte osoan zehar jendarte eremu guztietan eginen dugun lana. Hori da ezkerreko proiektu abertzalea sinesgarri egiten duena.

Hauteskunde ziklo hau oso une berezian gertatuko da, Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoa sortu berri baita. Zeintzuk dira zuen lehentasunak eremu horretan?

Guk oroitarazten dugu hemen aldarrikatzen zen proiektua ez zela herrien arteko elkargo soil bat, lurralde kolektibitate bat baizik, estatus berezi batekin. Estatuak hori ukatu du. Horregatik guk hau diogu: bai, aurrerapen bat gertatu da, bildu dugu lehenengo tresna, eskumen batzuk lurralde hau garatzeko, baina hori etapa bat da.

Lurralde elkargo berezitu horretara igarotzea helburu izanik, elkargoko kideak demokratikoki aukeratzeko ahalmena eskuratzea ezinbestekotzat jotzen du Euskal Herria Baik?

Elkargo hori osatzen duten hautetsiek nahiko dutena izanen da. Horregatik, bederen, bi arrisku ikusten ditugu. Lehenengoa, demagun, demokratikoa. Gaur egun hautetsi horiek, delegatu horiek, bakoitza bere herrian hautatuak dira; hori ez da manera onena. Behar litzateke, bai, zuk aipatu bezala, sufragio unibertsala ezartzea. Baina hortik urrunago begiratuz, beste arrisku bat aurreikus daiteke: delegatuak herriaren arabera hautatuak diren heinean, nor bere herriaren tamaina eta interesen arabera aritzea Euskal Elkargoan. Lurralde osotasuna aintzat hartu gabe. Zepo bat litzateke Elkargo hori 157 herrietako egitasmoen metaketa hutsa bilakatzea, lurralde antolaketa edo garapena hobetsi beharrean. Hemen ez gara ari metaketa baten logika soilean, hemen lurralde oso baten egiazko antolaketa nahi dugu aitzineratu. Guk osotasunean begiratzen diogu lurralde horri eta, are gehiago, Euskal Herria aintzat hartzen duen dinamika nazional batekin lotzen dugu euskal elkargo hori. Eta horrela adierazten dugu, argiki; erronka demokratikoa eta lurraldea egituratzeko xedea bere baitan hartuko dituen dinamika garatuko du bertan EH Baik.

Macronek etxebizitzaren gaineko zerga murrizteko asmoa omen du. Beldur zarete erreforma horrek zalantzan jarriko ote duen tokiko erakundeen ibilmoldea? Are gehiago kostako eskualdean, non bigarren etxebizitzen tasa zinez handia den...

Justizia sozialaren ikuspuntutik hartzen bada erreforma, gaitz erdi. Baina beldur gara gure eskualdean bizitoki tasa desagertzen bada, eta beste ezer egin ezean, bigarren etxebizitzen garapen neurrigabe hori oztopatzeko geneukan tresna bat desagertuko ez ote den. Gure ustez, hori oso larria litzateke. Jakin behar da gune turistiko batean gaudela, eta bada arrisku bat, garapena soilik turismoarekin lotzea, ekonomia erresidentziala hobetsiz. Jende batzuek oso merkatu librea ikusten dutenez, bigarren etxebizitza erosteko hautua egiten dute. Biarritzen 11.000 bigarren etxebizitza daude; nire herrian, Donibane Lohizunen, 6.500 dira. Ez dira zifra soilak. Etxe horiek askotan etxebizitza parkearen %40-45 dira. Horrek ondorio zehatzak ditu. Distortsioa sortzen du. Etxebizitza gehiago egiteko joerari indarra ematen dio, etxe aski ez dagoela argudiatuta. Eta gezurra da, Biarritzen 25.000 biztanle dira eta 26.000 bizitoki daude. Arazoa da bizitoki horien erdiak hutsik daudela ia urte osoan zehar.

Batzuek ezkertiarrei zergazale izatea leporatzen diete eta, zuk diozunez, zergen bidez erantzun behar zaio etxebizitzaren gaineko arazoari. Benetan tresna eraginkorra da?

Ez da beste tresnarik! Jabetza pribatuak iraun bitartean, fiskalitatea baino tresna hoberik ez dugu. Guk zerga berezia aldarrikatzen dugu, beraz, bigarren egoitzen gainean. Eta aski altua, gainera. Balio behar duelako jabeek bi aukeraren artean hauta dezaten. Aski aberatsak badira, gehiago ordaindu beharko dute. Hala ez bada, etxebizitza norbaiti alokatu ahal diote, lehen egoitza bilakatuz. Lehenengo kasuan, bederen, diru bat sartuko da herriaren kutxan, bestelako neurriak martxan jartzeko etxebizitza eskubidea bermatzeko. Logika ekologiko batetik, bestalde, bigarren etxebizitza horien heren bat edo gehiago lortzen badugu lehenengo bizitoki bilakatzea, baldintza hobeak eskuratuko ditugu lur espekulazioari aurre egiteko.

Berreraikitze ekologikoa sartu duzue zuen programan, enpleguarekin eta lurralde antolaketarekin lotuz.

Ekonomiaren gainean ikuspegi berritzailea landuz soilik ahal izango dugu garapen iraunkorra sustatu. Esaterako, Ipar Euskal Herri honetan bizitoki zaharkituak ditugu, energia xahuketa handia dutenak, gas isurketa handiak eragiten dituztenak, eta horiek birmoldatzeko behar larria bada. Horrek enplegua sortzeko aukera handiak irudikatzen ditu. Belaunaldien arteko harremanak eta herriak biziarazi nahi ditugunez, pertsonei zuzenduriko zerbitzuak sustatu behar direla erraten dugu, era horretan enplegua sortuz. Ezinbestean, berreraikitze prozesu horretan gure eskala naturala Euskal Herria izango da. Osasun alorrean, ikerkuntzan, garraioetan… logika jasangarria garatzeak gero eta gehiago logika nazionala garatzera eramaten duelako. Zerbitzuak hobetzeko asmo xume batetik abiatuta ere, Iparraldeko edozein herritarrek ikusten du gaur horren interesa. Horregatik abertzaleon egitasmoak balio erantsia du.

 

Lehen aldikoz hiru barrutietan hautagai jeltzaleak badira

«Jeltzaleak, les démocrates basques». Hori izan da EAJ-PNB alderdiak aukeratu duen leloa frantziar Legebiltzarrerako bozetarako bere hautagaiak aurkezteko ekitaldietan. Lehen aldiz, bere ordezkariak aurkeztuko ditu hiru hauteskunde-barrutietan. 2012an, 5.ean Baptiste Mortalena zentro-eskuineko hautagaia babestu zuen. Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko presidentearen esanetan, jauzi horrekin hau adierazi nahi izan du alderdi jeltzaleak: «Legebiltzarrerako bozetan gure presentzia ez da testimoniala, benetan Parisen eragiteko asmoa dugulako». Xede horrekin, PNBk Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako arduradun Beñat Arrabit, Arrosako auzapeza, ezarri du zerrendaburu 4. hauteskunde-barrutian. Bere ondoan, 6. barrutiko hautagai, Odile de Coral Urruñako auzapez eskuindarraren gobernuko kide dena, Jean Tellechea, hautatu dute jeltzaleek. Bestalde, Angelu eta Baiona bere baitan hartzen dituen 5. hauteskunde-barrutia ordezkatzeko Laurent Marlin izendatu du PNBk. Hiru hautagaiak enpresaburuak dira.M.U.