INFO

Juaristi: «Europako ezkerra indarturik atera da gailur honetatik»

Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua eta Gabi Zimmer GUE/NGL presidentea baikor agertu dira Europako Parlamementuko ezkerreko taldeak azken hiru egun hauetan Donostian egin dituen Study Days edo jardunaldien emaitzarekin.

Gabi Zimmer eta Josu Juaristik baloratu dituzte Study Days jardunaldiak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bere ustez, jardunaldi hauek gailur moduko bat dira, besteak beste gaurkotasunari loturiko gaiez eztabaidatu delako. «Europako etorkizunari buruzko eztabdaida garrantzitsuenekoa izan da, baina baita migrazioari, haustura sozialari, industrializaziori eta enpleguari buruzkoak ere».

Josu Juaristiren hitzetan, agerian geratu da ezkerra «momentu honek eskatzen duen mailan dagoela eta alternatiba ere badela». «Indartuak atera gara gailur honetatik», esan du EH Bilduko eurodiputatuak.

Denera hogeita hamar bat eurodiputatuk eta 250etik gora pertsonek hartu dute parte jardunaldi hauetan. Josu Juaristik esan duenez, «sekula ez da horrenbeste jende hurbildu Study Days batzuetara eta sekula ez da horrenbeste eurodiputatu izan Euskal Herrian».

Parte hartze handia

Ildo horretan, EH Bilduko eurodiputatuak Egia auzoko Tabakalera eraikinean egin dituzten eztabaida saio ezberdinetan izan diren Euskal Herriko eta Europako hamabost adituen parte hartzea nabarmendu du. «Balio erantsia eman diote gailur honi», esan du Juaristik.

Atzoko jardunaldian, adibidez, politika fiskala, enplegua sortzeko proposamenei eta industrialaren gainean eztabaidatu zuten Donostian eta Arrasateko eredu kooperatibista zuzenean ezagutzeko parada izan zuten.