INFO

Sei Eguneko Gerra: beste berrogeita hamar urte gezurretan?

Azken mendeko munduko gatazkarik eraginkorrenak gezurretan du oinarria eta azken bolada honetako gertakariek aditzera ematen dute bide beretik jarraituko duela datozen urteetan, palestinarrei beraiei, batez ere, zein israeldarrei eta inguruetako herriei sufrimendua eragiteko.


Berrogeita hamar urte idatzi dugu izenburuan, baina palestinarren sufrimendua eragiten duen egoeraren hasiera aurkitzeko gutxienez XIX. menderaino joan beharko genuke, orduan hasi baitzen Palestinaren kolonizazio prozesua, garaiko dirudun frantses batzuen laguntzarekin. Bilakaera horrek 1948an izan zuen beste kapitulu garrantzitsu bat, Israelgo Estatuaren sorrera zela-eta lurralde hartan bizi zen herriari errefuxiatu bihurtu beste erremediorik ez baitzioten utzi. Lurrak eta etxeak lapurtu zizkieten, sarraskitzeaz gain, palestinarrek Nakba (hondamendia) deitu duten garaian. 1967ko Sei Eguneko Gerraren urteurrena dela-eta, Suhail Hani Daher Akel PAE Palestina Askatzeko Erakundeak Argentinan izan zuen lehen ordezkariak idatzi du orain berrogeita hamar urte Naksa (zorigaitza) jasan beharra izan zutela, oraindik amaitu ez den eta amaitzeko itxurarik ere ez duen okupazio basati eta kriminalaren hasiera, alegia.

Nazio Batuek askotan salatu dute okupazioa, baina gero ez dira gai izan erabakitakoa betearazteko. Ofizialki onartzen dute Israel «potentzia okupatzailea» dela eta eransten dute 1967ko ekainaren 4an zeuden mugen aldaketarik ez dutela onartuko. Segurtasun Kontseiluak berak iazko abenduan onartu zuen begi bistakoa dena, 1948an sortutako Estatuak beste lurralde batzuk okupatuta dauzkala, garai hartan Etxe Zurian Obama baitzegoen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin oso gaizki konpontzen zen politikaria, eta AEBetako ordezkaria abstenitu egin zen, ebazpena aurrera atera zedila ahalbidetuz. Ebazpen hartan exijitzen zitzaion Tel Avivi kolonia juduetako jarduera eteteko, baina aste honetan bertan iragarri du Israelgo Gobernuak legez kontrako leku horietan etxebizitza gehiago eraikiko dituela. Obamak alde egin zuen Etxe Zuritik eta Donald Trump beste bide batetik doa. Tel Avivek ez ikusiarena egiten dio Segurtasun Kontseiluak esandakoari, eta ez du inolako fakturarik ordaindu beharko. Inpunitatea.

Beraz, ebazpen historiko eta guzti, palestinarren egoerak ez du inondik inora hobera egin. «Israelek 50 urte horiek erabili ditu gure lurralde osoa bereganatzeko eta bi Estatuen konponbidea suntsitzeko», Ziad Hamouri Jerusalemeko abokatuak ezin hobeto laburbildu duenez.

Lurralde okupatuei «behin-behinean atxikitako lurraldeak» deitu zieten Israelgo agintariek 1967ko egun haietan. Gideon Levy kazetariak “Ha’aretz” Israelgo egunkarian idatzi duenez, horixe izan zen sionistek plazaratutako lehen gezur handia, erabakigarriena. Eufemismo horrekin aditzera ematen zen potentzia okupatzaileak lurralde horiek itzultzeko asmoa zuela, «baina Israelek ez zuen inoiz okupazioari amaiera jartzeko asmorik izan. Ustezko behin-behinekotasuna mundua lasaitzeko erabilitako iruzurra izan zen», Levyren arabera. Behin-behineko okupazioa izan behar zena munduko okupaziorik luzeena bihurtu zen. Lehen egunean hasita, okupatzaileek hezkuntza sistema eta legeak aldatu zituzten, jarduera ekonomikoarekin egin zuten moduan, betiere Jerusalem hiriko ekialdea, Nazio Batuen arabera palestinarren Estatukoa izan behar zena, judutzeko asmoarekin. Berehala hasi ziren koloniak eraikitzen, asmo horretarako baliabide onena zirelakoan.

«Palestinarron etxeak ia astero suntsitzen ditu Israelek, eta guri ez digu eraikuntza baimenik ematen. Jerusalemeko kaleetan ehunka urte zituzten izenak aldatu zituzten, izen juduak jartzeko, eta geure bandera erabiltzea ere debekatuta daukagu. Okupazioak esan nahi du ez duzula askatasunik, nahi duten momentuan edonor espetxeratu dezaketela, zeure bizitza egun batetik bestera alda dezaketela, zuri dagokizun guztia beren mendean dutela», esplikatu berri dio Efe berri agentziari Ishaq Albuderi Arabiar Ikerketen Elkarteko zuzendariak.

«Bake prozesua» deitu izan zaien elkarrizketa saioek ez dute inoiz bi herrien arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko asmorik izan, palestinarrek ahal zuten guztia emanda ere, Israelek beti aitzakiaren bat aurkitzen baitzuen okupazioari eusteko. Bakea eta etsaiez inguratuta bizi den nazioak bere burua defenditzeko duen eskubidea etengabe aipatzen dituzte okupatzaileek. Beren propaganda zabaltzeko garaian beste inork ez duen trebezia erakutsi dute israeldarrek, eta gezur potolo horien konplize bihurtu dute ia mundu osoa. Ez da harritzekoa, inolako argi izpirik ez duen tunel luze batean sartuta dagoen herrian, bat baino gehiago bere kasa mendeku hartzen saiatzea, sukaldeko labana hartuta beste tresnarik ez badute, nahiz eta badakiten eraso ahalegin horretatik bizirik ateratzea ia ezinezko izango dutela.

Iruzur izugarri baten moduan bizi dute palestinarrek «bake prozesua». Hala ere, Nazio Batuetan dituzten ordezkariek oraindik esaten dute Israelek berari dagozkion ebazpenak bete ditzan neurriak hartu behar direla. Ehunka aldiz idatzi dute gauza bera, edo oso antzekoa, Segurtasun Kontseiluari igorritako eskutitzetan (612 aldiz, beraiek emandako datuaren arabera), baina arrazoia izatea ez da nahikoa gaur egungo munduan, eta errefuxiatu izatera behartutako herriaren egoerak ez du hobera egiten. Testuinguru aproposa herritar batzuek jihadismoak edo tankerako fenomenoek eskaintzen dituzten ustezko abantailekin bat egin eta erasorik basatienak egin ditzaten. Beldurtzeko modukoa.

Proiektu sionista ahalbidetzen duten gezurren artean Gideon Levy kazetariak nabarmendu du Hebron edo Al Khalil hiriko lehen koloniaren eraikuntza eragin zuena. 1968an, Israelgo Armadak hiria bereganatu ondoren, Moshe Levinger muturreko errabinoak Pazko judua bertako Park Hotelean ospatzeko deialdia egin zuen. Turistaz mozorrotutako 30 israeldar bertaratu ziren, eta Hebronen kokatzeko asmoa iragarri zuten. Moshe Dayan garaiko Defentsa ministroak judu horien ebakuazioa agindu zuen, baina handik egun batzuetara ondoko base militar batera eramango zituztela adostu zuten. Base hura, denborarekin, Kiryat Arba izeneko kolonia judua bihurtuko zen, Zisjordania osoko handien eta biolentoena, kazetari israeldarrak berak idatzi duenez.

Gezurra ia guztientzat komenigarri bada, egiak ez du tarterik aurkituko. Agerikoa da kolonoak zein Israelgo politikariak gezurretan aritzen direla «asentamenduak» (horrela estaltzen dute kolonia hitz itsusia) aipatzen dituztenean, Armada eta Tel Avivek «Administrazio Zibila» deitzen duen erakundea (lurralde okupatuak gobernatzen dituzte eta militarrak dira, zibil deituta ere) aritzen diren moduan. Gideon Levyk konplize ugari ikusten ditu kolonizazioa ahalbidetu duen egoera horretan: «Guztiek zekiten zer gertatzen ari zen: kolonia sortzea erabaki zuten Gobernuko kideek, Parlamentuan baiezkoa eman zuten diputatuek eta dokumentua sinatu zuten militarrek, baita operazioa zuritu zuten kazetariek ere. Koloniaren sorrera ‘gaitzetsi’ zuten estatubatuarrek zein ‘haserretu’ egin omen ziren europarrek; deialdi bat egin zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak zein erabakiak hartzen dituen Segurtasun Kontseiluak: horietako inork ez zuen inoiz izan hitzetatik ekintzetara pasatzeko asmorik. Mundua bere buruari gezurretan ari da: era berean jarrai dezala guztiei komeni zaie».

Palestinarren giza mugimenduek badakite Nazio Batuetatik ez dutela ezer lortuko eta boikota egiteko eskatzen digute. Gure esku dago!