INFO

Puertoricarrek bizkarra eman diote gobernadoreak bultzatutako kontsultari

Puerto Rico AEBetako 51. estatu bihurtu dadin eskatzen zuen aukerak erraz irabazi zuen igandeko erreferenduma, baina herritarren gehiengo zabalak (%77,3) uko egin zion kontsultan esku hartzeari.


Botoa ematera joan ziren herritarrek oso garbi adierazi zuten ez dutela egungo estatusarekin jarraitu nahi, eta Puerto Rico AEBetako beste estatu bat bihurtu dadin nahi dutela, bigarren mailako estatubatuar izateari behingoz uzteko (ez dute presidentetzarako hauteskundeetan esku hartzeko aukerarik Puerto Ricon bertan bizi badira, esaterako).

Ricardo Rossello Puerto Ricoko gobernadoreak bultzatutako erreferenduma ez zen loteslea eta begiraleek diote Washingtongo agintariek ez diotela jaramonik egingo, batez ere esku hartze tasa hain txikia (%22,7) izan delako.

Puerto Ricok 3,4 milioi biztanle ditu, eta adituek diote AEBetan beste bost milioi puertorricar inguru bizi direla. Igandeko erreferendumean 2,2 puertoricarrek zuten botoa emateko eskubidea, baina milioi erdi inguru baino ez ziren hauteslekuetara hurbildu.

Gobernadoreak eskatzen zuen aukerak oso errez irabazi zuen testuinguru horretan (botoen %97,26). Ricardo Rosellok agindu du herritarrek erabakitakoa nazioarteko foroetan defendituko duela.

PIP Puerto Ricoren Independentziaren aldeko Alderdiak eta PPD Herri Alderdi Demokratikoak kontsultan esku ez hartzeko deia egin zuten, deialdia iruzur hutsa zelakoan.

Puertoricarrak estatubatuarrak dira 1917az geroztik, baina ezin dute ez presidentea hautatzeko ez Kongresuko kideak aukeratzeko bozketetan esku hartu. Uhartea AEBetako Estatu Libre Elkartua da 1952tik.

Puerto Ricoko ekonomiak hamar urte daramatza gainbeheran eta gaur egun populazioaren ia erdia (%46) pobrezia mailaren azpitik bizi da. Bere garaian konpainia handi ugari bertan kokatzen ziren, zerga gutxiago ordaintzeagatik, baina 2006an abantaila horiei amaiera eman zitzaienetik egoera ekonomikoa behera egiten hasi zen.

Krisia eta Kongresua

Maiatzean egin zuen porrot Puerto Ricoko ekonomiak, baina Washingtonek ez du erreskatatu nahi, berez AEBetako estatu ez delako. Horretxegatik nahi zuten uharteko agintariek estatusa aldatu eta estatu bihurtzea. «Gobernu federalak dirua sartuko balu, krisi ekonomikoa konponduko genuke», esan dio AFPri Edwin Melendez New Yorkeko Hunter Unibertsitateko Puerto Ricoko Ikerketa Zentroko zuzendariak. «Herritar gehienek uste dute horrelakorik ez dela gertatuko, Kongresuak ez baitu diru gehiago eman nahi», erantsi du.

«AEBetako lurralde izaten ehun urte egin ditugun honetan, Kongresuari esan behar zaio Puerto Rico jadanik prest dagoela bere etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko», nabarmendu zuen Marcos Rodriguezek Guaynabon botoa ematean.