INFO

80 urte eta gero Gernikan hildako gudari gipuzkoarrak omendu dituzte

«Euren memoria ezabatzen saiatu zen frankismoa, baina ez dute lortu». Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du gaur «zor historikoa» kitatu dela Gernikako hilerrian lurperatuta dauden 82 gudarirekin, gehienak gipuzkoarrak: zortzi hamarkadako ahanzturaren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak erakunde aitortza eskaini die, gaur eguerdian egin den ekitaldiaren baitan.

Gernikako hilerrian duela 80 urte hildako gudariei egindako omenaldia. (ARGAZKI PRESS)

«Gaurkoarekin herri honen memoria kolektiboan txertatzen ditugu 82 gazte hauen eta bere familien oroimena, askatasuna eta zilegitasun demokratikoa bezalako balioen alde bizia eman zutenen bizipenak alegia», adierazi du diputatu nagusiak.

300 pertsona elkartu dira Gernika-Lumoko hilerrian, tartean 50 gudari ingururen senitartekoak, «eguneko protagonista nagusiak» diputatu nagusiaren arabera. Herri agintarien artetik Bizkaiko ahaldun nagusi den Unai Rementeria eta Gernika-Lumoko alkate den Jose Maria Gorroñok ere hartu dute hitza, biek ala biek egunaren garrantzia azpimarratuz. Bertan izan dira, baita ere, Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea; Imanol Lasa, Maite Peña eta Aintzane Oiarbide foru diputatuak; eta Gipuzkoako hainbat alkate, Donostia, Bergara, Arrasate eta Azpeitikoak, esaterako. Bertaratuen artean izan dira Xabier Arzalluz EBBko presidente ohia eta Juan Mari Atutxa, Sabino Arana Fundazioko presidentea ere.

Ekitaldiaren baitan, bi oroitarri inauguratu dira: bata, monolitoa, hilerriaren sarreran kokatua; eta bestea plaka bat, gudariak lurperatuta dauden tokian dagoena. Olanok, bere hitzaldian, adierazi du euren helburua gudarien memoria ahanzturatik atera eta ikusaraztea dela. Frankistek, Olanok gogoratu duenez, gudarien gorpuak zeuden hilobietatik atera eta hilerritik kanporatzeko saiakera egin zuten. «Gazte hauen memoria ezabatzen saiatu ziren, hilerriaren sarrera honetan dauden Gernika-Lumoko ospitalean hildako 270 soldadu errepublikanoren gorpuzkiekin batera», adierazi du. «Eusko gudarien eta soldadu errepublikanoen izenak dauzkaten bi plaka hauek iragana ezabatzeko ahaleginean frankistek porrot egin zutela adierazten dute», gehitu du.

Diputatu nagusiak gogoratu duenez, gudarien historia ahaztuta egon da zortzi hamarkada luzez eta Foru Aldundiarentzako ere «berezia» izan da historia jaso eta jakinarazteko izan duen prozesua. «Hunkigarria izan da, adibidez, senitartekoei deitu eta telefonoaren beste aldean zegoenaren ahotsa emozioarekin eteten dela konturatzeak» esan du. «Pertsonalki, baren barrenean ukitu nau historiak. Zuen senitarteko gudarienak eta zuenak», adierazi du.

Gudarien nondik norakoak

Gudari gehienak Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren, Gipuzkoan jatorria zuten unitateak. Frankistek Irun hartu eta lurraldea konkistatu ostean, Gernika-Lumon ezarri zituzten euren kuartelak. EAJkoak ziren lau batailoiak eta, hori dela eta, alderdi honek hainbat hilobi erosi zituen Gernika-Lumoko hilerrian, hildakoak lurperatzeko. 1936ko azaroan hilobiratu zuten lehenengo gudaria. Ondoren, Legutioko ofentsiba eta Asturiaseko espedizioa (Areceseko bataila ezaguna tarte, non Kandido Saseta eta beste hainbat gudari hil zituzten) etorriko dira, eta borroka hauetan hil zituzten eta berreskuratu ziren gorpuzkiak ere foru udalerriko hilerrian izango dira lurperatuak.

Martxoaren 31an hasi zuten frankistek Eusko Jaurlaritzaren esku zegoen eremuaren (Bizkaia, eta Gipuzkoa eta Arabako udalerri gutxi batzuk) aurkako ofentsiba. Hemendik eta frankistak Gernika-Lumon sartu ziren arte, batailoi hauek izan zituzten hildakoak ere herri honetako hilerrian hilobiratuko dira. Badira, baita ere, beste unitateetako zenbait gudari ere, eta baita erakunde politiko ezberdinetakoak ere (CNT, EAE eta ELA).

Hasiera batean, gudari hauek aipatutako EAJk erositako hobietan izan ziren hilobiratuak. 1947an, ordea, gorpuak hilobietatik atera, hauek salgai jarri eta hilerritik kanporatzeko agindua eman zuen alkate frankistak. Julian Elorrieta hilerriko langileak, ordea, ez zuen agindua bete eta hilerriko barrutiko hobi komun batean lurperatu zituen, eta gudarien historia gorde. Ordutik han egon dira, markaturik gabeko eremu batean. Jakitun ziren familia batzuek, oroigarriren bat ere beste jarri zuten euren senide maitatuak oroitzeko. Beste askok, ordea, aita, osaba edo aitonaren traza galdua izan dute azken zortzi hamarkadetan.