Bederatzi urteko espetxealdiaren ondoren, aske gelditu da Iñaki Marin iruindarra
Iñaki Marin iruindarra aske geratu da gaur goizean, espetxean bederatzi urte egon eta gero. A Lamako kartzelatik (Pontevedra) atera da.
Espetxean bederatzi urte egon eta gero, aske gelditu da Iñaki Marin iruindarra. Pontevedran kokatuta dagoen A Lamako espetxetik atera da gaur goizean, senide eta lagunak zain zituela.
Polizia espainolak 2008ko urriaren 6an atxilotu zuen Iñaki Marin, Iker Aristu, Mikel Marin eta Diego Octavio gazteekin batera. Egun batzuk lehenago, Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz Iruñerrian egin zen beste sarekada batean, Ibai Azkona, Gorka Sueskun, Mikel Flamarike eta berriki aske gelditu den Iker Araguas atxilotu zituzten.
Guztiak inkomunikatuta eduki zituzten eta torturak salatu zituzten.
2015ean epaituak eta absolbituak
2015ean epaitu zituzten Iruñerriko hamar gazte Segiko kide izatea leporatuta, horien artean Iñaki Marin bera. Hasiera batean fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen zuen baina gero eskaera sei urtera jaitsi zuen. Azkenean, guztiak absolbitu zituen Auzitegi Nazional espainolak. Epaiketan zehar inkomunikazio aldian jasandako torturak salatu zituzten gazteek.
Hala ere, Marinek kartzelan jarraitu zuen, 2010ean, beste epaiketa bat medio, kondenatu egin zuelako Auzitegi Nazionalak, kale borroka leporatuta.