INFO

«Elkartasun erauntsia» EHZ jaialdiarentzat Bilbotik

Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Ken Zazpi taldeko abeslaria den Eñaut Elorrieta, Gorka Suaia, Inun, Iratxe Mugire, Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxea, Josu Bergara, Yogurinha Borova, D'Capricho bikote kubatarra eta Gaizka Peñafiel BIBA! Bilbon antolaturiko EHZren aldeko sostengu jaialdian izan ziren.

Familia argazkia BIBA! Bilbon parte hartu zuten musikariekin. (@HamaikaTB)

Euskal Herria Zuzenean (EHZ) musika jaialdia bertan behera utzi behar izan zuten joan den asteburuan eguraldi txarrarengatik eta horren ondorioz, sostengu ekimen ezberdinak antolatzen ari dira azken egun hauetan Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Hazparnen, Donostiako Bukowsky-n edo Ondarrun buruturiko ekimenekin batera, Bilbon ere beren babesa agertu nahi izan diote musikari ezberdinek jaialdiari.

Ildo horretan, Asteazken honetan Bilboko Alde Zaharrean dagoen BIBA! kulturgunean sostengu jaialdia antolatu zuten eta hainbat musikarik parte hartu zuten «Elkartasun erauntsia» lemapean antolaturiko sostengu festan.

Besteak beste, bertan izango ziren Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Ken Zazpi taldeko abeslaria den Eñaut Elorrieta, Gorka Suaia, Inun, Iratxe Mugire, Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxea, Josu Bergara eta Yogurinha Borova. D'Capricho bikote kubatarra eta Gaizka Peñafiel ere bertan izan ziren.