INFO

Tomate, piper berde eta txakolin dastaketa, Konpartsakide eguna ospatzeko

Larunbat honetan 2.000 konpartsakide inguru bilduko dira Bilboko Areatzan Aste Nagusirako «lapikoak berotzen» hasteko. Bertaratzen direnek tomate eta piper berde dastaketa egiteko aukera izango dute Hazi Fundazioaren eskutik eta Bizkaiko Txakolinarekin egingo dute topa.

Bilboko konpartsetako ordezkariek agerraldia egin dute Areatzan.

Larunbat honetan Konpartsakide eguna ospatuko dute Areatzan. Egun osoan zehar jai giroan murgilduko dira adin guztietako Bilboko Konpartsetako ia 2.000 lagun.

Izan ere, jai eredu herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzailearen lehen abisua dakar uztailaren erdian urtero ospatzen den Konpartsakide egunak.

Konpartsakideon festa handiarekin bat egin nahi duen orok tomate eta piper berdeen doako dastaketaz gozatzeko aukera izango du eta Bizkaiko Txakolina izango da topa egiteko. Hain zuzen ere, 100 kilo tomate eta 500 dozena piper prestatuko dira Areatzan, Bilboko Konpartsetako Gastronomikoaren arduradunek azaldu dutenaren arabera.

Aurten, gainera, bi berrikuntza aurreratu nahi izan dituzte Bilboko Konpartsetako ordezkariek. Batetik, umeak modu aktiboagoan inplikatzeko konpromisoa. Azaldu dutenez, «orain arte hainbat eta hainbat ekintza prestatu eta programatu ditugu gure txikientzat, eta aurten, pauso bat haratago joan nahi izan dugu eta haiei protagonismo osoa emateko. Konpartsakide-eguneko umeentzako ekintzak haurrek diseinatuak izan dira, haiek pentsatuak eta haiek erabakiak. Ziur gaude asko dutela guri irakasteko eta ildo horretan jarraitzeko asmo irmoa dugu».

Bestetik, Aste Nagusirako lehiaketa gastronomikoan eskaintza berri bat aurkeztu dute. Astelehen nagusira zabalduko da Gastronomia lehiaketa, egun bat irabaziko du eta «ortuko produktuekin soilik» egindako platera izango da Gastronomikoari hasiera emango diona.

Aurkezpenean azaldu dutenez, «pertsona beganoen urtetako eskaria integratuko dugu Bilboko Konpartsen programazio gastronomikoaren eskaintzan. Patatak saltsa berdean, aspaldiko garaitik gaurdaino gure etxeetako suteetan mantendu den plater tradizional eta erakargarria».

Horregatik, lapikoak ganbaretatik ateratzen hasteko gonbita egin diete konpartsakideek bilbotar guztiei. Aldi berean, emakumeen aurkako erasorik gabeko festak aldarrikatu dituzte.