INFO

Gaizka Garitano: «Oso pozik nago etxera bueltatu naizelako»

Bilbao Athleticek denboraldiko aurkezpena eta lehen entrenamendua egin du Lezaman eta entrenatzaile berria izango den Gaizka Garitanok «oso pozik» dagoela nabarmendu du Eibarrekin eta Deportivorekin Lehen Mailan entrenatzen egon ostean «etxera bueltatzeko» aukera izan duelako.

Gaizka Garitanok prentsaurrekoa eskaini du Bilbao Athleticen aurkezpenean. (ATHLETIC CLUB)

‘Kuko’ Ziganda lehen taldera igaro ostean, Gaizka Garitanok zuzenduko du Bilbao Athleticeko aurtengo denboraldian. Zigandak bezala, Garitano Lehen eta Bigarren Mailako taldeetan aritu izan da Athleticen bigarren taldera iritsi aurretik. Eibar, Deportivo eta Valladoliden entrenatu ostean Bigarren B Mailara «jaitsi» behar izan du, baina Garitanok berak argi utzi du Athleticen harrobia entrenatzeko izan delako onartu duela proposamena.

«Txikitatik, jokalari bezala eta pertsona bezala, hemen hasi nintzen, oso pozik nago etxera bueltatu naizelako», nabarmendu du Garitanok.

Bilbao Athleticen entrenatzaile berriak ez du «atzerapausurik» ikusten 2.B mailan entrenatzeagatik eta ilusio berdinarekin egingo duela lan azpimarratu du. Jokalari gehienak ikusi dituela jokatzen nabarmendu du, baina gogoa duela esan du entrenatzen hasteko eta gehiago ezagutzeko.

Garitanok onartu du egin behar duen lana ezberdina dela, emaitzak albo batera utzi gabe, jokalarien formakuntza garrantzitsua dela. Aurretik ere Eibarren formakuntza lanetan aritu izan dela gogoratu du eta Patxi Ferreira berarekin lan taldean izateaz oso pozik agertu da.

Athleticen lehen taldeko entrenatzailea izatearekin amesten duen galdegin diote Garitanori, baina Bilbao Athleticeko entrenatzaileak argi utzi nahi izan du «orainari» begiratzen diola eta inoiz ez duela erabakirik hartu etorkizunari begira.

«Nire helburua Bilbao Athletic entrenatzea da eta horretara etorri naiz», azaldu du.

Gaizka Garitanoren agerraldia hemen ikusi daiteke osorik Athleticek zabaldutako bideoaren bitartez: