Bermeo eta Lekeitio arteko bidea egingo du Kalera Martxak bere bigarren etapan
Bermeotik abiatu eta Lekeitiora arte eramango du presoen aldeko aldarria Kalera Martxak bere bigarren etapa, atzo Gernika-Lumotik abiatu ondoren. Tipi-tapa oinez ez ezik, itsasotik ere eraman dute mezua, itsasontziz joan baitira Mundakatik Laidara.
Bigarren eguna du gaur ezker abertzalearen Kalera Kalera ekimenak antolatutako martxa. Gernika-Lumo eta Bermeo batu zituzten atzo aurreneko etapan eta lehen orduan gosari batekin indarrak hartu ondoren handik abiatu dira Mundakarantza, 24 kilometro ditu bigarren etapa honi hasiera emanez.
Atzo bezala, eguraldi lainotua dute eta tarteka sirimiria ere agertzen zaie bidean.
Hankei atseden txiki bat emateko parada ere izan dute martxan parte hartzen ari diren lagunek, izan ere, itsasontziz egin baitute Mundaka eta Laida arteko bidea, baita giro ederrean egin ere, kitarra lagun izan dutelako. Kantuz heldu dira, beraz, martxako kideak Laidako hondartzara.
Harro hadi kantauri itsasoa! #kalera pic.twitter.com/Zxgc4ZYXH3
— Sortu (@sortuEH) 2017(e)ko uztailak 21
Bazkalordurako Eara iristiko dira eta, indarberritu ondoren, Lekeitiorako bidea hartuko dute, bertara arratsaldeko 19.00ak aldera iristeko. Lehen harreraren ondotik kalejira egingo dute Lekeitioko kaleetan barrena. 20.00etan Haustura taldeak emanaldia eskainiko du plazan.
Guztira, zortzi etapak osatzen dute Kalera Martxa. Hilaren 27an, ostegunez, bukatuko da, Lakuntzan, Hatortxu Rock elkartasun jaialdia hasiko den egun berean.