Agirretxe: «Honek asko esan nahi du niretzat»
Usurbildarra oso pozik agertu da berriz jokatzeko aukeragatik eta lagundu dioten guztiei eskertuta.
Realak Ermeloko egonaldia ixteko asteazkenean Groningenen aurka jokatu zuen lagunarteko partidak protagonista asko utzi zituen: Willian Josek hasieratik jokatu eta gol aparta sartu zuen, Llorente eta Januzaj bezalako fitxaketa berriek ere hasieratik jokatzeko aukera izan zuten, Oyarzabalek eta Velak aurreneko minutuak jokatu zituzten aurtengo denboraldian... Baina guztien gainetik Imanol Agirretxe izan zen partidako gizona. Urte eta erdi inguru jokatu gabe egon ostean, Realaren elastikoa janzteko aukera izan zuen berriz, eta gainera gola ere sartu zuen. Ezin gehiago eskatu.
«Kontuak ateratzen jardun gara eta azkenean 581 egun pasatu dira lesioa izan nuenetik, bere 581 gauekin, horietako batzuk lorik egin gabe emandakoak. Egun asko izan dira, baina gertu izan dudan jende guztiaren laguntzarekin errazago eramaten da eta gaurko egunak erakutsi du merezi zuela. Oso pozik eta harro nago», onartu zuen Usurbilgo aurrelariak neurketa amaitu berritan, malkoei eusteko ere lan dezenterekin.
«Emozio asko dira, baina horren gainetik kirol helburuak daude. Holandatik minutu batzuk jokatuta itzuli nahi nuen, minik gabe eta errekuperatuta, eta hori lortu dudala uste dut. Hortik aurrera, gola sartu izana opari bat izan da», gaineratu zuen emozioei eutsi ostean. Eta aurrera begira jarrita dagoela ere erakutsi zuen: «Buruz oso indartsu nago. Orain alderdi fisikoa landu beharko dut. Oraindik asko falta zait ehuneko ehunean egoteko: entrenamendu asko, partidu asko… Baina gaurkoak niretzat asko esan nahi du. Helburu honen bila asko borrokatu naiz, eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten guztiei».
Agirretxeren itzulerak eragin duen poza nabarmen geratu zen zelaian bertan, taldekide guztiak korrika joan zirelako usurbildarra behar bezala zoriontzera, eta zer esanik ez hurrengo orduetan sare sozialetan. Hor ere hainbat kidek eta makina bat realzalek beren mezua helarazi nahi izan zioten aurrelari gipuzkoarrari.
Gaur, Ingalaterrara bidean
Asteazkeneko lagunarteko partidarekin Realak amaitutzat jo zuen Herbehereetako egonaldia eta Donostiarako bidea hartu zuen. Hala ere, taldeak ez du ordu gehiegi emango Gipuzkoako lurretan. Klubak Alberto de la Bella jendaurrean aurkezteko baliatuko du goiza, baina arratsaldean bertan Ingalaterrara abiatuko da, bihar Watford talde ingelesaren aurka lagunarteko beste partida bat jokatu behar duelako.
Neurketa 16.00etan hasiko da (Euskal Herriko ordua) Vicarage Road estadioan, eta taldea partida amaitu bezain laster itzuliko da Euskal Herrira. Watford Premier League indartsuan dabil eta orain dela aste pare bat bere maila erakutsi zuen Eibarren aurka 1-0 irabazita.
Iñigo, orain Bartzelonaren jomugan
Badirudi aurtengo udan Iñigo Martinezen etorkizunari buruzko zurrumurru eta esamesak ez direla inoiz amaituko. Orain arte Milango Inter izan bada ustez Ondarroako atzelari bikaina fitxatzeko asmotan ibili dena –Jokin Aperribay presidenteak esan zuen klubera eskaintzarik ez dela iritsi–, egunotan zabaldu denez, Bartzelona da bizkaitarra fitxatzeko prest dagoena. Informazio horien arabera, Ernesto Valverde bera izan da fitxaketa eskatu duena –talde katalanak atzeko lerroan dituen gabeziak aski ezagunak dira– eta Neymarren salmenta ixten bada, dirua ez da arazo izango. ETBk baieztatu zuenez, Realak ez du negoziatzeko inolako asmorik, baina Bartzelonan diotenez, etete klausula ordaintzeko ere prest leudeke.
Zurrumurruen kateari jarraituz indarra hartu du berriz Realak Osasunako David Garcia begiz jota duela dioena. Iñigok alde egingo balu, haren ordezkoa izan liteke nafarra.A.A.