Petrolio gordinaren gorakadarekin, konpainien onurak hazi egin dira
Gordinaren prezioaren hazkundea jotzen dute enpresen irabazien arrazoi nagusitzat, 2017ko aurreneko seihilekoan iazko sasoi berdinean baino %66 garestiago erregistratu baita upelen prezioa.
Mundu osoko petrolio enpresa handiek urteko aurreneko seihilekoko irabazietan hobekuntzak nabaritu dituzte. Hazkunde honen zergati nagusia petrolio gordinaren prezioaren igoera izan da; zehazki, %66ko gorakada iazko sasoi berdineko zenbakiekin alderatuz gero. Kostuen diziplinak eta inbertsioen kontrolek ere zerikusia izan dute.
Egun, petrolio gordinaren prezioa upeleko 50 dolarren inguruan kokatzen da. 2014ko zenbakietatik urrun egon arren (110 dolar/upel), 2016ko urte hasierako emaitzak %66an gainditu ditu, izan ere, iazko lehen seihilekoan upel bakoitzaren kostua 30 dolarrekoa izan zen. Brent petrolio gordina da Europan erreferente, eta aurten urtea 54 dolar inguruan hasi bazuen ere, jaisten joan da ekaineraino, iazko hazkunde ibilbidea apurtuz, kontuan hartu behar baita 2016ko urtarrilean upeleko prezioa 34 dolarrean bazegoen ere, urte amaieran 50 dolarreraino altxatu zela.
Irabazi handienak lortu dituen petrolio konpainia Royal Dutch Shell anglo-herbeheretarra izan da, %206ko hazkundea izan baitu mozkinetan. Ben van Beuren enpresako kontseilari delegatuak proiektu berrien eta gastuen diziplina nabarmendu zituen. Ameriketako Estatu Batuetako konpainia handienak, ExxonMobil-ek, irabaziak biderkatu ditu eta Darren Woods kontseilariak, aldiz, petrolio gordinaren gorakada jo zuen arrazoitzat.
Prezioak bere horretan
Espainiako Bankuak eginiko analisi batek dioenez, etorkizun hurbilean ez dute aurreikusten prezioen igoera nabarmenik. Gainera, ziurgabetasun gehiago dagoen arren, ez da espero petrolio gordinaren igoera handirik. Horrez gain, inbertsioaren jaitsierak edo petrolio ez-konbentzionalarekin lotutako kostuen igoerak ekonomikoki bideragarri diren erreserben murrizketa eta eskaintzan tentsioa sor dezaketela uste dute.
Hala, 2017an brent-aren batez besteko prezioa upeleko 51 dolarrean egongo dela aurreikusten du AEBetako Informazio Energetikoaren Administrazioak, eta 2018an dolar bat igoko dela.