INFO

Dena prest dute Piratek gaur beste behin ere Donostia abordatzeko

Egun osorako festa egitarau oparoa antolatu dute Donostiako Piratek, eta arratsaldeko bostetan hasiko den Abordatzea izango da ardatza. Aurten 1.700 lagunek eman dute izena, eta iazkoaren aldean jaitsiera txikia izan arren, ilusio eta gogorik ez zaie faltako partaideei. Baltsak muntatzeko lanak goizeko zortzietan abiatuko dira kaiko arranpan, den-denek denbora izan dezaten. Eguna Flamenkan amaituko da Huntza eta Esne Beltza taldeen trikiti doinuekin.


Hamabost urte bete ditu aurten Donostiako Piraten mugimenduak eta jada ohitura den legez, ehunka piratak Donostia abordatuko dute beste behin ere. Gaur bertan, hain zuzen. Jaitsiera txiki bat izan da izen ematean iazkoarekin alderatuz. Izan ere, aurten 1.700 lagunek eman dute izena eta aurreko urteetako abordatzeetan izen-emateak 2.000tik gora izan dira. Halere, kopuruak gora egin lezake, askok epez kanpo, edota gaur bertan, eman nahi izaten baitute izena eta horretarako leihatila bat jarri dute kai inguruan.

Goizean goiz hasiko dira piratak lanean, 8.00etarako lehen baltsak muntatzeko ordua iritsiko baita. Eguneko ekitaldi nagusia 17.00etan hasiko da, Ezkila kapitainak suziria jaurti eta Abordatzeari hasiera emandakoan, baina kai inguruan jai giroa ziurtatuta egongo da egun osoan. Ehunka piratak Donostia abordatu bezain laster, txarangak lagunduta, kalejiran bueltatuko dira Kontxako pasealekutik Flamenkara. Bertan, giroa ez itzaltzeko, Huntza taldekoek euren triki eta rock doinuekin kaia hankaz gora ipiniko dute. Afaltzeko tartea hartu ondoren, festak ez du etenik izango Flamenka gunean, Esne Beltza taldea izango baita kaiko oholtza gainean 23.05etik aurrera.

Segurtasuna helburu

Urtero legez, aurten ere segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte Piratek Abordatzean dena ondo irten dadin eta denek goza dezaten ekitaldi herrikoi honetaz. Piraten boluntarioez gain, DYA, Gurutze Gorria eta Donostiako urpekarien laguntza jasoko du Abordatzeak, denen segurtasunaz arduratzeko.

Antolatzaileek dei berezia egin diete partaideei baltsak egiterakoan iltzerik, tirafondorik edota antzeko material mingarririk ez erabiltzeko. Horretaz gain, material kutsagarriak ere baztertzeko eskatu dute. Esaterako, baltsak eraikitzerakoan sofak, aulkiak, gasolio bidoiak edota somierrak erabiltzea guztiz debekaturik dago.

Parte hartzaile guztien jarrera onak ere garrantzi berezia du Abordatzean. Laguntza behar duen edozeini laguntzea ezinbestekoa da, Piratek gogoratzen duten bezala, hau ez baita lasterketa bat, eta helburua denak Kontxako badiara iristea da.

Aldarrikapena «lausotuta»

Egitarau ofizialeko ekitaldi bat da gaur egun Abordatzea. Zentzu horretan, Piraten kide den Markel Zabalak GARAri adierazi dio azken abordatzeetan hasierako urteetako aldarrikapen kutsua zerbait «lausotuta» geratu dela. «Hasierako urteetan oso gurea zen abordaiaren ekitaldia, jai herrikoien alde eta ‘dolarraren Donostia’ deitu genuen hura abordatzeko aldarri garbia genuen, orain masifikatu egin da eta aldarrikapenetik harago, piratok geure burua erakusteko egiten dugun ekitaldi bihurtu da», adierazi du Zabalak. Hala ere, Piratek beste jai eredu baten alde egiten duten lana erakusteko Abordatzea «erakusleiho paregabea» izan dela gogoratzen du mugimenduko kideak. Urtero-urtero haziz doan egitarau oparoa aldarrikatu eta Abordatzeari esker gero eta jende gehiagok gainerako ekimenetan ere parte hartzeko pausoa eman duela nabarmendu du. Beraz, urtero legez, gaur Piratek hartuko dute Donostia.