INFO

Baiezkoak irabaziko balu, trantsizio «labur» baten alde egingo dutela agindu du Puigdemontek

Datorren urriaren 1ean Katalunian independentziaren inguruan egingo den erreferendumaren harira mintzatu da Carles Puigdemont Bartzelonako terrorismoaren aurkako manifestazioaren biharamunean. Hala, agindu du trantsizio epe «labur» baten aldeko apustua egingo dutela.

Generalitateko presidente Carles Puigdemont, artxiboko irudi batean. (Lluis GENE/AFP)

500.000 lagun inguru bildu ziren atzo, larunbatez, Bartzelonan iragan asteko atentatu jihadisten aurka. Bada, une batez gaia alde batera utzi eta datorren urriaren 1ean Katalunian egingo den independentzia erreferenduma izan du mintzagai manifestazioaren biharamunean Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak.

El Nacional.cat agerkari digitalari eskaini dion elkarrizketan, aurreratu du Puigdemontek trantsizio epe «laburra» proposatuko diola Gobernu espainiarreko presidenteari aipatu erreferendumean baiezkoak irabaziko balu. Hau, baina, «negoziatua» eta «adostua» izango dela azpimarratu du. «Eta negoziatzea behar duten elementuak geratzen badira, Europar Batasuna, Estatua eta Kataluniaren artean osatutako komisioetan egin beharko da», zehaztu du.

Erreferendum Legeaz galdetuta, hau «garaiz» eta «modu egokian» onartu behar dela aitortu du, ondorioz, urriaren 1eko erreferenduma modu ofizialean deitua izan dadin. Gaineratu du hautetsontziekin izandako arazoak konponduta daudela, baina adierazi du ezin duela erreferendumaren inguruko argibide gehiagorik eman: «Esan dezakedana da urriaren 1ean hautetsontziak jarrita egongo direla».

Estatu espainiarrak izan dezakeen balizko jarreraren aurrean, esan du Rajoyren Gobernuak demokrazia «galarazten» ahalegintzen bada oso ondo azaldu beharko duela bere erabakia, nahiz eta gertatzen dena gertatzen dela eurek ez duten deialdia bertan behera utziko.

Uste du Puigdemontek urriaren 1ean parte hartze handia izango dela independentzia erreferendumean, guztia ondo bidean badoa bederen.