INFO

Antoniak, Berneri, Finkiel eta Popescu, Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien artean

Zinemagile garrantzitsuak gehitu dira irailaren 22tik 30era egingo den Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiara: Urszula Antoniak zuzendari poloniarra, Anahí Berneri argentinarra, Emmanuel Finkiel frantsesa, Jean Libon eta Yves Hinant belgikarrak, Constantin Popescu errumaniarra eta Robert Schwentke zuzendari alemaniarra.

Berneri argentinarraren ‘Alanis’ filmaren fotograma bat.

Ohar baten bitartez, Zinemaldiko antolatzaileek adierazi dute Emmanuel Finkiel (Boulogne-Billancourt, Estatu frantsesa, 1961) lehenbizikoz etorriko dela Donostiara ‘La douleur / Memoir of Pain’ filmarekin. Marguerite Duras idazlearen estutasunei eta bihozminari buruzko egunkariaren egokitzapena da. Hark II. Mundu Gerraren amaieran idatzi zuen, bere senar Robert Antelme Erresistentziako kidea, Gestapok deportatua, zer zori izan zuen ez zekienean.

Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski eta Jean-Luc Godard zuzendarien laguntzaile aritua da Finkiel, eta hainbat lan ditu bere filmografian, besteak beste, ‘Madame Jacques sur la Croisette’ (1997), film labur onenaren Cesar saria; bere lehen film luzea, ‘Voyages’ (1999), bi Cesar sariren eta Canneseko Gazteriaren sariaren irabazlea; ‘Nulle part terre promise’ (2008), Jean Vigo saria; eta ‘Je ne suis pas un salaud / A Decent Man’ (2016), Anguleman saritua.

‘La douleur / Memoir of Pain’ filmean Mélanie Thierry (‘Babylon’, ‘A Perfect Day’, ‘Au revoir là-haut’), Benoît Magimel (‘La Haine’, ‘La Pianiste’, ‘Les petits mouchoirs’) eta Benjamin Biolay musikari eta aktorea (‘Stella’, ‘Personal Shopper’) zuzenduko ditu.

Constantin Popescuk (Bucarest, 1973) Christian Mungiu-ren ‘Tales from the Golden Age’ (2009) talde-filmeko ‘Pig’ atala zuzendu zuen. Bere lehen film luzea, ‘Portrait of the Fighter as a Young Man’ (2010), Berlinaleko Forum sailerako aukeratua izan zen, eta bigarrena, ‘Principles of Life’ (2010), Zabaltegi - Zuzendari Berriak sailean izan zen, Donostian. ‘Pororoca’-n, egin duen hirugarren filmean, familia batek seme-alabetako bat desagertzen denean biziko duen eraldaketari buruz hitz egiten du.

Robert Schwentke (Stuttgart, Alemania, 1968) bere herrialdean hasi zen zuzendari-lanetan, ‘Tattoo’ (2002) eta ‘Eierdiebe’ (2003) filmekin. 2005ean Estatu Batuetan egin zuen debuta, Jodie Fosterrek protagonizatutako ‘Flightplan’ lanarekin, eta azken hamarkadan han jarraitu du lanean: ‘The Time Traveler's Wife’ (2009), ‘RED’ (2010) eta ‘Divergent’ saileko bi atal, ‘Insurgent’ (2015) eta ‘Allegiant’ (2016). ‘Der Hauptmann / The Captain’ filmarekin Alemaniara eta II. Mundu Gerrako azken uneetara itzuli da.

Urszula Antoniak (Czestochowa, Polonia, 1968) zuzendariaren debutak, ‘Nothing Personal’ (2009) filmak, sei sari irabazi zituen Locarnoko zinema-jaialdian; horrez gain, Europako Zinema Akademiaren bi saritarako izendatu zuten. Haren bigarren lana, ‘Code Blue’ (2011), Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zen. ‘Beyond Words’ laugarren filma du. Protagonista abokatu gazte eta asmo handikoa da; aita bisitan joaten zaionean, mingarria suertatuko zaio berriz ere bere sustraiekin topo egitea.

Hirugarren aldiz

Anahí Berneriren (Martínez, Argentina, 1975) lehen filmak, ‘Un año sin amor’ (2005) izenekoak, Teddy saria irabazi zuen Berlineko zinema-jaialdian, eta ‘Por tu culpa’-rekin (2010) berriz itzuli zen hara. Aurten hirugarrenez lehiatuko da Donostian, aurrez bertan aurkeztu baitzituen ‘Encarnación’ (2007), Fipresci sariaren irabazlea, eta ‘Aire libre’ (2014), bi urte lehenago Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroan parte hartu zuena. Berneri Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kidea izan zen iaz; ‘Alanis’-en, prostituzioan aritzen den emakume batek, haur txiki baten amak, bizi dituen zailtasunak deskribatzen ditu.

Jean Libon kazetari grafiko eta dokumentalistak ‘Strip-Tease’ telesail dokumentala sortu zuen 1985ean, eta ondoren Yves Hinant kazetaria hasi zen bertan. Elkarrekin ‘Les arbitres’ (‘Kill the Referee’, 2009) dokumentala zuzendu zuten, 2008ko Eurokopako epaileen errealitatera hurbiltze aldera, Eric Cardot eta Delphine Lehericey zituztela zuzendarikide.

‘Ni juge, ni soumise / So Help Me God’ filmean, ‘Strip-Tease’ telesailaren atzean dagoen talde satirikoak gertutik jarraituko dio Anne Gruwezi, Bruselako instrukzioko epaile guztiz ezohikoari. Film horiekin erabat osatu da 65. Zinemaldiko Sail Ofiziala; hain zuzen, lehiaketako 18 film, lehiaketaz kanpoko hiru, eta lau emanaldi berezi izango dira.