INFO

Herria amnistiaren alde, 1977an, Bilbon

1977ko irailaren 2an, Bilbon, Amnistiaren Aldeko Batzordeek deituta eta 30 bat elkartek sostengatuta, tartean sindikatu eta alderdiak, PSOE eta UCD izan ezik, “Herria amnistia osoaren alde” lelopeko manifestazio jendetsua izan zen.


1977ko irailaren 2an, Bilbon, Amnistiaren Aldeko Batzordeek deituta eta 30 bat elkartek sostengatuta, tartean sindikatu eta alderdiak, PSOE eta UCD izan ezik, “Herria amnistia osoaren alde” lelopeko manifestazio jendetsua izan zen. Manifestazioa Areatzatik abiatu zen arratsaldeko zortzietan, eta Bilboko Udaltzaingoaren arabera, ia bi kilometroko luzera izan zuen. Antolatzaileen arabera, ia 300.000 manifestarik parte hartu zuten Euskal Herrian ordu arte izandako manifestaziorik handienean. Manifestazioaren buruko pankarta presoen senideek eraman zuten. Bertan, besteak beste, Gobernu espainolak Europako zenbait herrialdetara erbesteratutako Gorostidi, Izko de la Iglesia, Onaindia, Dorronsoro, Atxega eta Mujika Arregi izan ziren. Amaieran komunikatu bat irakurri zuten, amnistia osoa eta erbesteratu guztien itzulera eskatzeko. Halaber, Telesforo Monzonek eta Xabier Larenaren aitak ere hitza hartu zuten. Argazkian, eskuinaldean, Xabier Galdeano ageri da, GALek 1985eko martxoaren 30ean hil zuena.