INFO

Betiko tradizio berbera gaurko egunera moldatuz

Irailaren 5ean izango da aurten ere Lekeitioko Antzara Eguna, San Antolin jaietako laugarren egunean. Lekeitioko portua potinez beteko da urtero bezala, eta harrapatzaileak antzarari lepoa kentzen saiatuko dira, horretarako ahalik eta altxaldi gehien eginez. Aurten ere posible izango da benetako antzararen edo gomazkoaren artean aukeratzea.

Emakume bat ‘Antzartek’ panpina artifizialarekin Antzara Jokoan parte hartzen. (Raul BOGAJO | ARGAZKI PRESS)

Tradizioak gordetzen abilak dira Lekeition. 300 urteko historia du antzara jokoak, eta aldaketa ugari jasan dituen arren, tradizioak bizirik dirau.

Urteroko irailaren 5ean, lekeitiarrek portuko uretara salto egiten dute antzarari lepoa kentzeko gogo biziz. Antzina, marinelek bakarrik hartzen zuten parte, eta irabazlearekin dudarik bazegoen, estropada batekin erabakitzen zen saria nori zegokion, Garraitz irlari buelta emanez. Garai horietan, emakumeek debekatuta zuten antzara jokoan lehiatzea. Egun, emakumeek parte hartzen dute, eta oraindik antzararen lepotik zintzilikatzen direnetatik gehienak gizonak diren arren, urtero-urtero handituz doa emakume harrapatzaileen kopurua. 2012an, gainera, Miren Larruscain emakume bilbotarra izan zen jokoaren garaile. Beste aldaketa bat gomazko antzararen erabilera izan da. Garai batean bizirik zegoen antzara erabiltzen zuten, baina orain, potin bakoitzak erabakitzeko aukera du jokoaren aurretik akabatzen duten antzara erabili edo Gaiker zentro teknologiko kideek Lekeitioko antzara jokorako espresuki diseinatutako «Antzartek»-en aldeko hautua egin, hau da, antzara itxura duen gomazko panpina artifiziala erabili.

Antzara jokoaren helburua ez da asko aldatu: ahalik eta altxaldi gehien egin eta antzararen burua mozten duena izango da garailea. Burua moztea lortzen ez dutenen artean beste sari bat ere banatzen dute, altxaldi gehien egiten duenarentzat; izan ere, gerta daiteke norbaitek altxaldi bakarrean burua eskuratzea, eta beste batek zortzigarrenean esku hutsik irrist egitea.

Jendetza hurbiltzen da urtero Lekeitioko sanantolinetara, baina, dudarik gabe, arrakasta gehien daukan eguna Antzara Eguna izan ohi da. Lekeitiarrek goizetik hasten dute festa, eta portura salto egingo duten potinek –kuadrillaka banatutako txalupak– goizean izena ematen dute antzara jokoan parte hartzeko. Ordurako, itsasontziak kendu dituzte portutik, hutsik egoteko, arratsaldean hasten den antzara ehizarako prest.

Lauretarako portua potinez beteta egoten da, arraunlariak mahoiz jantzita eta harrapatzaileak zuriz, eta orduantxe hasten da jokoa. «Potin bakoitzean harrapatzaile bat egoten da. Potinaren txanda iristean, popan egoten dira harrapatzailea eta patroia. Patroiak barkua antzara dagoen lekuraino zuzentzen du, eta, hurbiltzean, harrapatzaileak animaliari lepotik eusten dio», azaldu du Gotzon Torrealdea lekeitiarrak. Orduantxe, antzarari lotuta dagoen sokari indarrez tira egiten dio lagun saldo batek, eta harrapatzailea airean altxatzen dute animaliaren lepoari eutsita, ondoren uretara erori eta berriz altxatzeko, burua mozten edo irrist egiten duen arte. Hiru ordu inguruko iraupena izaten du jokoak.

Torrealdea birritan izan da harrapatzaile, eta onartu du jokoan «tranpatxo» batzuk egiten direla. «Batzuk goizaldean hondartzara joaten dira eta poltsikoetan harea gordetzen dute, gero antzararen lepoan igurzteko ». Izan ere, animalia koipeztatu egiten dute jokoa hasi aurretik, eta horrek zail egiten du ahatearen lepoari tinko eustea. Lekeitiarrak esan du orain urte batzuk arraunlariak ere poltsiko bete hondar egoten zirela potinean, eta antzara hurbiltzerakoan animaliari jaurtitzen ziotela harea. Gaur egun, ordea, arraunlariek antzara ukitzeko debekua dutela dio Torrealdeak, deskalifikatuak izateko arriskuarekin. Aitortu du ezagutzen duela artilezko jertsea janzten duenik ere, urarekin pisua hartu eta antzarari lepoa kentzea errazagoa delako. Antzara jokoan harrapatzaile modura parte hartzeko ezinbestekoa da 80 kilogramotik beherako pisua izatea, eta balantza batetik pasatzen dira potin bakoitzeko harrapatzaileak, iruzurrik ez egoteko.


Kuadrilla bat bere potinean Lekeitioko portuan, Antzara Eguna jai giroan ospatzen. Iaz, 84 potinek hartu zuten parte Antzara Jokoan. Luis JAUREGIALTZO | ARGAZKI PRESS

Asko daki Torrealdeak harrapatzaileek altxaldi bakoitzaren ostean uraren kontra jasotzen dituzten kolpeez, berak duela bi urte harrapatzaile izan zeneko markak baititu oraindik eskuan. «Oraingo modernitatea, kolpeak saihesteko, neoprenoa janztea da», esan du barre artean.

Tradizio moldagarria

«Jai zaharra da, eta buru zaharkitua daukan jendea dago», iritzi dio Gotzon Torrealdeak. Antzara jokoak urtero piztu izan du polemika, animalien erabilerari buruzko debatea mahai gainean jarriz. Batzuen iritziz ez da onargarria festa baterako propio antzarak akabatzea; eta beste batzuek, aldiz, benetako ahatea erabiltzearen tradizioa lehenesten dute edozeren gainetik.

Gotzon Torrealdeak dio Lekeition orain urte batzuk hasi zirela gomazko antzara erabiltzen, baina hasiera batean «porrota» izan zela, egiazko animaliak baino gutxiago irauten zuelako. Porrot horren ostean, baina, Gaiker zentro teknologikoak «Antzartek » gomazko panpina diseinatu zuen, lekeitiarren jai horretarako propio. Potinek aukeratzen dute benetako antzara edo gomazkoa erabili, eta gehienek benetakoaren aldeko hautua egiten dute oraindik. Baina, Torrealdeak esan duenez, «iragan urtean, gomazko antzarak gehiago iraun zuen benetakoak baino», eta horrek jendea iritziz aldatzera bultzatu du. Iaz, 84 potinetatik 33k aukeratu zuten gezurrezko ahatea.

Birritan harrapatzaile izan den lekeitiarrak benetako antzararekin jokatu izan du aldi bietan. Hurrengorako, ordea, gomazkoa aukeratuko lukeela argi dauka. «Ondo dago tradizioa mantentzea, baina zer preziotan? », galdegin dio bere buruari. Alabaina, nabarmendu du gero eta jende gehiagok egiten duela gomazko ahatearen aldeko aukeraketa, «kuadrilla gazteek batez ere».

Tradizioek indar handia daukate, baina moldagarriak dira guztiak. Antzara jokoaren hastapenetan, emakumeek ezin zuten parte hartu, eta orain, berriz, gero eta gehiago dira jokoan lehiatzen direnak. 2012an emakume batek irabazi zuen lehenengo aldiz jokoa, Miren Larruscainek, eta aurreko urtean hemezortzi emakumek heldu zioten antzararen lepoari. Gizonezkoak oraindik ere askoz gehiago diren arren, emakumeen presentzia ugarituz doa gutxika- gutxika.