INFO

Zurez eraikitzea jasangarria ez ezik berritzailea ere bada

Hondarribiko Biteri kalean (Jostaldi pilotalekuaren ondoan) eraikitzen ari diren etxeek ohikoak dirudite lehen begiratuan. Baina, zeramikazko azala izan arren, egurrezkoa dute mamia. Horrek piztu du arkitekto eta ikasleen jakin-mina, obra betean eraikinen hezurdura arakatzera sartzeko.


Hondarribiko zurezko etxeen lanak aitzinera doaz. Instalatzaileak, iturginak, aireztapenaren eta argindarraren arduradunak... Gremio pila bateko langileak ari dira xinaurri lanean. Obra idorra iruditu zaigu, isila ere bai orokorrean (langileek jarritako musika aditu dugu, zarata gutxi). Eraikuntza mota honen ezaugarriengatik, ohi baino jende gutxiago dagoelako izan daiteke. Horrek istripuak izateko aukerak ere murrizten ditu.

Dozena bat lagun sartu gara, kasko eta txalekoak jantzita, poliki-poliki, intsinis pinuzko hezurduran barna paseatzera. Arkitektoak eta ikasleak dira ia denak eta galdera ugari egin dituzte bisita guzian. Egurrezko eraikuntza industrializatuaren inguruko EHUren udako ikastaro baten barrenean antolatua da irteera. Visesa sozietate publikoa (Lakuarena) da babes ofizialeko bi eraikin hauen bultzatzailea. Batean 32 etxe egiten ari dira saltzeko, eta bestean bertze 33 alokatzeko.

Visesarekin batera, Ekinn arkitektura estudioaren, Moyua eraikitzailearen eta Habic egurraren klusterraren izenak ere ageri dira obra honetan. Horietako kide batzuk izan ditugu gidari bisitan. Egoin Eako lantegia ere sarri aipatu dute, bertan fabrikatu eta muntatu baitira Hondarribira ekarri dituzten zurezko panel laminatuak, CLT deitutakoak.

«Hauek mekano bat bezala muntatu dituzte lau langilek, torloju erraldoiekin», adierazi digu Vivesako lagun batek. Hamalau astetan, 2.200 metro kubiko panelekin, altxatu dituzte bi eraikinak. «Orain modan dauden turroiak egiten diren bezala, finger edo atzamarrekin elkartzen dira puskak. Bestela, zuhaitz bakar batekin panel bat egiteko arbolak sekulakoa izan beharko luke».

Bertako basoetako intsinis pinua erabili dute. «Ez da egurrik onena, baina dagoena dago». Halere, nabarmendu dute izeiaren bertzeko erresistentzia gaitasuna izatea lortu dutela.

Materialen nahasketa

«Zergatik ez duzue kanpoaldea ere egurrezkoa egingo? Zergatik zeramikazkoa?», galdetu die arkitekto batek eraikitzaileei. Hauek iraunkortasunaren aldeko apustua egin dutela erantzun dute. Material desberdinen arteko nahasketa ongi ikusten dute. Adibidez, beheko solairuan supermerkatu bat eginen dute eta honen egitura hormigoizkoa da.

Lehendabiziko geldialdia aurreneko solairuan egin dugu. Bidean, iturgin batekin gurutzatu gara. «Kaixo, zer moduz?». «Ongi, urarekin probak egiten». Lehen pisuko gela batean, fatxadako hiru kapako panelak erakutsi dizkigute, baita junturak eta torlojuak ere. CLT panelak jada beren hutsune eta guzi muntatuta datozenez, bakoitza bere lekuan jarri eta fatxadak eginak daudela azaldu dute.

Horretarako, panel bakoitzak etiketa bat darama. Barne kode bat da. Bertan, pisua, metro kubikoak, egur mota, agerian ala ezkutuan joanen den... hainbat datu ematen dira. Pieza guziak identifikatuta daude.

Etxean tenperatura ona mantentzeko sistemaz ere mintzatu dira, berreskuragailuez. Hauek berotasuna berreskuratu eta ematen dute. Etxebizitza bakoitzak bere berreskuragailua du, beraz, bere beroa gordetzen du.

Bigarren solairuan, pladurrezko panelak eta zintak ikusi ditugu barrenetik. «Pladurrak suaren aitzinean babesten gaitu», esplikatu dute.

Atikoan amaitu dugu bisita, espazio zabal batean. «Nola isolatuko zenukete akustikoki gela bat bestetik halako sabai altu batekin?», galdetu die Vivesako Rafaelek ikasleei. Nahiz eta azkenean erantzuna berak eman duen –«24 zentimetroko isolamendua jarri dugu sabai faltsuaren gainetik»– gazteei erronkak jartzen jarraitu du. Adibidez, nola lortu zola idor bat?