INFO

CNA-Fagorrek negoziatzen jarraituko duela dio, langileek bere planari uko egin arren

Edesa Industrialeko langileek CNA-Fagorrek aurkeztu zien bideragarritasun planari ezezkoa eman diotela jakinarazio diote. Zuzendaritzak negoziatzen jarraituko duela dio, enpresa batzordearen arabera.

Edesa Industrialeko langileen elkarretaratzea Garagartzan, joan zen asteartean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

CNA-Fagor taldeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera egin dute Arrasaten, Garagartzako lantegian, gaur goizean. Langileen ordezkariek jakinarazi diote batzarrak ezezkoa eman diola enpresak joan zen asteartean aurkeztu zien bideragarritasun planari, ez duelako proiektu industrial baten alde egiten beren ustez.

Langileek zuzendaritzari adierazi diote Garagartzan ekoiztea dela «denboran iraun dezakeen ekoizpen-proiektu bat egotea bermatzen duen bakarra».

Horrekin batera, helarazi diote badagoela aukera dagoela egun erabiltzen den eraikina egokitzeko.

«Zuzendaritzak erantzun digu negoziatzen jarraituko duela eta balizko enpresaren etorkizunaren proiektuaren alde lanean jarraituko duela», jakinarazi du enpresa batzordeak ohar batean.

Era berean, jakinarazi die heldu den astelehenean Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztuko duela, langile guztiak kaleratzeko prozedurari hasiera emanez.

Enpresa batzordeak argitu nahi izan du urrats hori ematea «aurreikusita zuela zuzendaritzak, langileen babesarekin edo gabe».

Oharrean diotenez etorkizuneko proiektu baten alde borrokan jarraituko dute langileek eta datozen egunetan antolatu dituzten mobilizazioen berri emango dute.

Kontzentrazioa

Bilerak iraun duen bitartean elkarretaratzea egin dute langileek Garagartzako lantegiaren aurrean.