«Hamabi oren bakearen alde», irailaren 30ean Luhuson
Luhusoko atxiloketen lehen urteurrenaren eta Parisen abenduaren 9rako deitu duten mobilizazioaren atarian, «Hamabi oren bakearen alde» ekimena prestatu dute irailaren 30erako herri horretan. Talde ugarik parte hartuko dute.
Heldu den irailaren 30ean Luhuson antolatu duten hamabi orduko kontzertuaren berri eman dute gaur Bake Bideak eta hainbat kulturgilek herri horretan egin duten agerraldian. Bake Bideako ordezkari Maitena Thicoiperekin batera izan dira Patrick Larralde, Stephane Etchegaray, Xabi Etxeberri eta Jokin Irungarai musikariak.
«12 oren bakearen alde» izeneko ekimenak bi helburu ditu: batetik, bake prozesuari sostengua ematea, eta, bestetik, abenduaren 9rako Parisen bakearen aldeko artisauek antolatu duten mobilizaziorako dirua biltzea.
Hala, irailaren 30ean eta hamabi orduz –14.00etatik 2.00era– hainbat taldek joko dute Luhuso, bakearen alde. Bertan izango dira Aire ahizpak, Polygorn, Willis Drumond, Sorotan Babies, New House, Agustin Alkhat, Elirale dantza taldea, Naia Robles Arangiz, Xabi San Sebastian eta bertsolariak, beste batzuen artean. Jatekoak eta edatekoak ez dira faltako, eta sarrera hamar euro kostako da. Bi agertoki egongo dira.
Berrehun laguntzaile behar dituzte
Ekimena aurrera atera ahal izateko berrehun lagun inguru behar dituzte; agerraldian laguntzaile aritu nahi dutenei deia egin diete.