INFO

Erreferenduma deitzeko modua babestu ez arren, auzitegira deitu dituzten alkateak

Banan bana alkateek auzitegien deiari erantzuten jarraitzen dute eta gaur Montcada i Reixac herrikoaren txanda izan da, besteak beste. Laura Camposen (Catalunya en Comù) kasua, ordea, berezia da; berak ez baitu galdeketa errazteko dekretua sinatu. Epaitegiaren aurrean esan du erreferenduma nola deitu den babestu ez arren bere «betebeharra, alkate gisa, herritarrek euren iritzia libreki ematea dela». Alderdiko koordinatzaile orokorrak, Xavier Domènech diputatuak, alkatearen jarrera bestetu du eta «inoiz ez bezala» mobilizatuko direla iragarri.

Laura Campos alkatea ezkerrean, auzitegitik igaro ostean. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


«Neurriz kanpoko zitazio bat da, beldurra sortzeko helburua duena, alkateak egiten ari garen gauza bakarra herritarren parte hartze politikoa bermatzea denean». Laura Campos Montcada i Reixac udalerriko alkatearen hitzak dira, Catalunya en Comù alderdikoa. Ehunka herritarrek babestuta joan da auzitegira gaur goizean, «ez zaude bakarrik» oihu artean. Irteerakoan bildu direnen aurrean berretsi du ez duela gustuko erreferenduma deitzeko Kataluniako Gobernuak baliatu duen modua baina Estatuaren errepresioak egoera aldatu duela: «orain ia auzia ez da independentzia bai ala ez, kontua ez da erreferenduma bai ala ez... orain, demokrazia bai ala ez da ebatzi beharrekoa».

Berezia da bere kasua, ez baitu sinatu Kataluniako Gobernuak helarazitako dekretua. Antzeko bideak ari dira erabiltzen bai Comu-ko alkateak edo PSCkoak diren kasuetan, gehienean zinegotziren batek sinatuz konpromisoa. 

Epaitegira joan diren gainerako alkateen moduan, Camposek ere ez du deklaratu eta minutu gutxian irten da kalera berriz. Atarian zain zuen alderdiko agintari nagusia, Espainiako Kongresuan diputatua den Xavier Domènech. Alkateak hartutako jarrera txalotu ostean salaketa, «honen aurrean inoiz ez bezala mobilizatuko gara, gure askatasunen alde, eskubideen alde eta burujabetzaren alde, herrialdearena eta udalerri bakoitzarena».

Hizketan ari zelarik ikusi da bertaratuek alkateari babesa ematen bat egiten zutela, baina badirela ertz propioak ere. Hedabideentzako adierazpenak egiten ari zirenean talde bat «independentzia» oihuekin hasi da eta albotik beste talde bat «errepresioa ez da bidea» oihuarekin saiatu da hura estaltzen, bizpahiru aldiz.

700dik gora alkate jo puntuan

Asteartean hasi ziren auzitegira joaten lehen alkateak eta guztira 700dik gora dira deklaratzera deitutakoak. Gaur bertan Katalunian galdeketen olatua abiatu zuen Arenys de Munt herriko alkatea ere auzitegira joan da, herritarrek babestua. Atzo, «demokraziaren aldeko maratoia»-ren baitan berretsi zuen joan bai, baina honek ere ez duela deklaratuko:

Gaur deklaratuko du Tortosako alkateak ere, kasu honetan Madrilen, diputatua baita Espainiako Kongresuan.

CUPeko alkateek bestelako jarrera hartu dute, fiskalaren deiari muzin egin eta epaitegian ez direla aurkeztuko iragarri dute. Jada bete zuen aurrez esandakoa Sabadell-eko alkateak, Maties Serrant pasa den astean deitu zuten deklaratzera eta ez zen bertaratu. Argentonako alkatea ere CUPekoa da, Eudald Calvo, eta NAIZi eskainitako elkarrizketan aipatu zuen euren asmoa herri harresi modukoak sortzea dela, alkateen defentsan.

ERCko hainbat alkatek ere jarrera berbera hartu dute, Lleidako Fiskaltzak bigarren jakinarazpen bat igorri die gaur Alcarràs, Bell-lloc d'Urgell eta Serós herrietako alkateei lehenaren ondoren agertu ez zirelako.

Auzitegien deiaren aurrean jarrera ezberdinak izan arren honekiko oro har jarrera bertsua dute alderdi guztietako ordezkariek, astakeri bat dela uste dute eta onartezina dela. Erreportaje honetan jaso genituen alderdi ezberdinetako lau alkateren iritziak:

Loading player...