INFO

Gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu biharko, Kataluniarekin bat eginez

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek bihar Katalunian deitutako graba orokorrari babesa adierazi diote eta mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herri osoan. Goizean eta egerdian elkarretaratzeak deitu dituzte eta, arratsaldean, Hego Euskal Herriko lau hiribuetan manifestazioak izango dira 19:00etan. 22:00etan, aldiz, kazeroladak eta argi itzalketak.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek bihar Katalunian deitutako graba orokorrari babesa adierazi diote. (@ELAsindikatua)

Greba orokorra deitu dute bihar Katalunian. Jarraipen handiko jardunaldia izatea espero da eta Euskal Herritik hainbat base ere jaso ditu. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE eta Etxalde sindikatuek babesa adierazi diote eta elkarretaratzeak eta mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko txoko ugaritan.

Sindikatuek agerraldiak egin dituzte gaur Iruñean eta Bilbon. «Burujabetzara eramango dituen bidea geratuko duen errepresiorik ez dago, zilegitasun osoa dute, atzoko emaitzak eta gero, indarberriturik jarraitzeko prozesu horretan», adierazi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk bizkaitar hiriburuan.

«Atzoko erreferenduma demokrazia kontua zen. Herriari hitza eman eta errespetatzea, hori baita demokrazia. Jakina zen Katalunia salbuespen egoeran aurkitzen zela, aurreko asteetan ere errepresioa izan baitzen Estatuaren erantzuna, baina atzokoarekin urrats bat aurrerago joan da espainiar Gobernua», adierazi du.

Egoera «larria» dela nabarmendu du Aranburuk eta Euskal Herrian ere mobilizatu beharra dagoela defendatu du. «Demokraziaren alde eta erabakitzeko eskubidearen alde, eta estatuaren errepresio eta inposizioaren aurka, bihar langileei dei egiten diegu lantokietan mobilizatzera eta deituko diren ekimenetan parte hartzera».

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek PPk herri katalanaren aldarrikapen demokratikoei erantzun bakarra eman diela salatu du: «Ezezkoa eta zapalkuntza». Eta Mariano Rajoy ren Gobernuak PSOE eta Ciudadanosekin akordio bat itxi nahi duela egoerari jarraipena emateko. «EAjk ere akordio horretan sartzea nahi luke».

Hain zuzen, Urkullu lehendakariari eskatu dio «alde batera utzi dezala bere ekidistantzia». Rajoyk errepresioaren bitartez «legearen inperioa» ezarri nahi duela azpimarratu du, eta «katalanen zein euskaldunen zilegizko asmoak isilarazi».

Bilbo, Donostia, Gasteiz, Laudio eta Amurrion 11:00etan elkartuko dira. Iruñea, Lizarra, Tafalla eta Bermeon 12:00etan, Tuteran 12:30ean eta Altsasu eta Oionen 13:00ean. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere manifestazioak deitu dituzte 19:00etan.

Unibertitate eta lan zentroetan, deialdiak

Lan zentroetan atsedenaldiak, txanda aldaketak edo sarrera-irteera orduak baliatuz mobilizatzeko deia egin dute ere sindiaktuek.

Bestetik Ernai gazte antolakundeak 12:00etarako mobilizazioak deitu Gasteiz, Iruñea, Ibaeta eta Leioako kanpusetan.

Mobilizazioak, kazerolada eta argi itzalketak

Babesa agertzeko ere deialdi zabalak izaten ari dira sareen bitartez eta azken egunetakoari jarraika, bihar ere 22:00etan kazeroladarako deia egin dute, bakoitza etxeko leihotik zarata zabal dezan. Honekin batera argi itzalketarako proposamena ere zabaldu da, ordu berean.