INFO
Elkarrizketa
AUGUST GIL MATAMALA
ABOKATUA

«Jendeak ez du gaurkoa barkatuko, irabazi dugu»

83 urtek curriculum luzea osatzeko ematen dute, baina zaila da August Gil Matamalarena (Bartzelona, 1934) bezalako bizitza bat topatzea. Bere memoria 1951ko tranbien grebarekin hasi eta gaur eguneraino iristen den hari luze eta mamitsu bat da, frankismoaren azken hilketetatik ere pasatzen dena. Euskal Herriarekin elkartasuna inoiz negoziatu ez duenetako bat da, eta atzoko egun mugarriko goiz mugitua berarekin pasatu genuen.


«Hemen Convergenciak irabazten zuen beti eta PPk sekulako emaitzak lortzen zituen». August Gil Matamalak ezin du sinetsi bere hauteslekuan topatzen duen jendetza. «Begira, inoiz ez nuke imajinatuko horko horrek gaur bozkatuko zuenik», gehitzen du, diskretoki begiradarekin norabidea markatuz. Gizon honek ez baitu behatzarekin seinalatzen. Elegantziak beste izenik badauka Augustena da. 83 urte militante bizkar gainean eta mendeetako memoria kaskoan. Augusto Gil maki murtziarra zen bere aita.

Violeta deitutako lanbide heziketako zentroan bozkatzeko prest dago August goizeko bederatzietan. «Ez nago herri harresiak egiteko moduan, baina ez dut bozkatzeko aukera galdu nahi», dio. Ez da horrela pentsatu duen bakarra. Hiriko zonalde altuan gaude, zentzu guztietan, Collserolako magalean, errenta handiko auzoan. Manuel Vazquez Montalbanen liburu baten eszena izan daiteke –Gil Matamala bere liburu bateko pertsonaia da, ezin du edonork esan hori–, baina hemen ez dago Carvalho bezalako detektibe ilustraturik. Torrenterena da sumatzen den itzal bakarra, bozketa etengabe baldintzatzen duena.

Ez dago sobera atzokoa bezalako egun azeleratu batean Augusten tamainako euskarri etiko batekin ordubete pasatzea. «Ez, ez nuen espero autodeterminazio erreferendum batean bozkatzeko atarian egotera iritsiko nintzenik», onartu du. Sorpresa gutxiago eragin dio Estatuaren jarrerak: «Rajoyk bere karrera politikoa dauka hemen jokoan, ezin du erreferenduma onartu. Nire duda zen ze barbarie punturaino iritsi ahal ziren hemen, baina ikusten ari gara ez dagoela mugarik».

Hamaika ikusitakoa da Gil Matamala. Memoriak 1951ko tranbien grebara eramaten du: «Nire bizitzan ikusi dudan benetako greba orokor bakarra». Hurrengo egunetan halakorik ikusiko dugun galdetzen dio bere buruari, distantzia handia izan arren, antzematen baititu antzekotasun batzuk: «Lehenago paperezko eskuorriak genituen, orain sare sozialak, baina orduko eta oraingo mugimenduen zentzu komunitarioa berdina da». Greba deialdia behintzat egina dago biharko.

Beldurrik gabeko belaunaldia

«Eskasa izan arren, ustez eskubide eta askatasun batzuk bermatzen zituen demokrazia batean bizi ginela uste izan du jende askok, baina gaurkoa errepresio frankista okerrenera doan bidea da». Augustek badaki zertaz ari den. Duela 42 urte –irailaren 27an izan zen urteurrena– bera izan zen Txikiren ama eutsi zuena bere semea Cerdanyolan fusilatu zuten egunean: «78ko akordioek berniz demokratiko oso fina eman zioten Espainiari. Berniz hori pixka bat karrakatu eta segituan atera da Estatuaren nortasuna».

Ez da hainbeste aldatu Espainia, Gil Matamalaren ustez; bai ordea Katalunia: «Beldurrik gabe hezitako bi belaunaldi askoz askeagoak ditugu gaur egun, nirea ez bezala, nirea garaituena zen». «Belaunaldi berriek ez dute porrota eta beldurra ezagutzen, eta horrek indartsuago egiten gaitu, zaila da honek atzera bueltarik izatea», azaldu digu Augustek, botoa ematera sartu aurretik: «Jendeak ez du gaurkoa barkatuko, irabazi dugu».