«Bikin bat in» lelopean eraikin berria altxa nahi dute Lesakan Oinezen eskutik
Urriaren 15ean ospatuko dute Nafarroa Oinez besta Lesakako Tantirumairu ikastolak antolaturik. «Bikin bat in» lelopean egingo den jaiak helburu garbia du: eraikin berri bat, egungoa txikia gelditu baitzaie, Tantirumairu ikastolako presidente Amaia Lasherasek gaur Iruñean azaldu duenez.
Izan ere, 1988an Lesakan egin zuten Nafarroa Oinezi esker altxa zuten egungo ikastola Otxogorriena izeneko etxean. Egun 101 ikasle dituzte eta eraikina txiki gelditu zaie. Eraikin berria behar dute eta horretarako beste Oinez bat antolatu dute.
«Hauek dira egungo behar zahatzak: Jangela handigoa behar da erosotasunez ikasle guziei bazkaria eman ahal izateko; laborategi bat; hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela; talde bikoiztuak banatzeko gela; eta bulegoak», azaldu du Lasherasek.
1974an zabaldu zituen ateak Lesakako Tantirumairu ikastolak zazpi ikaslerekin. Orduan ez zuten ez leku ez baliabide egokirik, baina guraso eta irakasleen bultzadarekin aitzinera jarraitu zuten.
Lau gune, baserria eta industria
Lau gune izango ditu Oinezen ibilbideak, Lesakako industria eremutik eta baserri inguruetatik barrena. Bortzirietako herri honen izaera bildu nahi izan dute ibilbidearekin, ikastolako zuzendari Aitor Iratzokik jakitera eman duenez.
Arratzubi, Bertizenea, Biurgarai eta Uhartea dira gune hauen izenak eta bertan adin ororentzako moduko programazioa izango dute bertan. Oreka TX, Brun Burdinola taldea, toberak eta burnia, Petti, Borrokan, Kalera, Bad Sound System, ISEO&Dodosound, Xutik, Oihan Vega, Gabenra, Trikidantz, bertso saioak, herri kirolak, zunba eta abar luze bat izanen dute hilaren 15ean Lesakara hurbiltzen direnak.
Kanpoko gurasoei eta IKAri omenaldia
Euskal Herri kanpotik Lesakara joandako eta euren seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten 12 familia omenduko ditu Tantirumairu ikastolak.
Honez gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) IKA euskaltegia sarea ere omenduko du euskalduntzearen alde egin duten lana eskertzeko. Sagrario Aleman eta Bortzirietako IKAko bi kide izanen dira omenaldian.
Txikiak Handi ekimenaren baitan, Aran bailarako Alejandro Casona ikastetxearen ordezkariak izanen dira Lesakan, urtean zehar landu duten harremanari esker. Hauekin batera, Alide Sans eta Paulin Courtial musikariek Okzitaniako txoko honen kulturaren berri emango dute.
Antolatzaileek Lesakara garraio publikoan hubiltzeko deia egin dute eta aurten zeliakoendako janaria eta garagardoa izanen dutela nabarmendu dute.