Golik jaso ez eta puntu bat eskuratu du Eibarrek (0-0)
Gutxienez puntu bat eskuratu du Eibarrek, golik jaso gabe. Hori da gaur Ipuruan Deportivoren aurka jokatutako partidaren balantza positiboa. Negatiboa, ez duela irabazterik merezi izan, eta sentsazioak ez direla onenak. [Neurketaren xehetasunak]
Azken hiru partidatan 13 gol zituen jasoak Eibarrek eta jaitsiera postuetan ekin dio atseden osteko jardunaldiari. Egoera hori abiapuntutzat hartuta, balekotzat eman daiteke igande honetan Deportivoren aurka Ipuruan lortutako berdinketa (0-0).
Partidak ez dauka kontatzeko askorik. Aukera gutxikoa izan da, parekatua. Erritmoa irabazten zuenean Eibar pasatzen zen agintera, baina ederki asmatu du Deportivok une horietan neurketaren intentsitatea jaitsi eta bere aldera eramaten.
Bi datu egon daitezke azpimarra merezi dutenak: Ramisen lesioa bata, beste ezbehar batetik errekuperatu eta zelaietara itzultzen zen egunean jazoa; luzerako izango duela dirudi. Eta 92. minutuan Sergi Enrichi baliorik gabe utzitako gola bestetik; epaileak asmatu egin du.
Partidaren osoari erreparatuta, baina, esan daiteke ez dutela irabazterik merezi izan, ez Eibarrek ez Deportivok ere. Gure taldeaz, esan zalantzari ageri dela soropilean, sentsazio onik transmititu gabe. Boladaka jokatzen du Eibarrek, eta ez dauka aurreko urteetako intentsitaterik.
Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.